Ongi etorri udaberriari eta honek dakarren bizi guztiari! Urtaro berriarekin batera, gure museoan publiko guztientzako ekintzak egiteko topera gabiltz. Martxoan, Euskal Herriko kostako museoen hilabetea ospatu dugu, eta honekin batera, hilabeteko ekintzen agendari hasiera eman genion, ekintza hauek bereziki familientzat izanik; apirilean berriz, aste santua ate joka ari delarik, programa berezi bat dugu eskaintzeko. Bertan, parte hartzeko ekintza oso bereziak daude eta Pasaiara eta bere inguruetara gerturatzen den jendea animatu nahi dugu. 

Gure museoak, bi aste hauetan zehar ordutegi zabala izango du, eta itsasora irteteko aukera izango dugu, alde onak izango ditugula ematen du eta. MATEReko estalkitik Jaizkibel – Uliako labar paregabeak gozatzea eta honekin batera, honek duen balore ekologikoaz ikasteko okasioa izatea izango da gure planik hoberena, Red Natura 2000aren baitan, kontserbazio bereziko zona izendaturik aurreko gunea.  Baina gorputzak oraindik kresal gehiago eskatzen badizu eta kantauri itsasoan gehiago sakondu eta bertako biodibertsitateaz gozatu nahi baduzu, ezin duzue galdu zetazeoak ikustera egingo den irteera. Itsas zabalean egiten den irteera da hau, amilburura joaten baigara. Bertako itsas sakonera 200m tik 2000ra pasatzen da, eta itsas hondoko elikagaiak mugitzen dituzten itsas korronteei esker, bertako bizia azaleratzen da, plaktoneko zere txikienetik hasi eta zere handietaraino. Izurdeen garaian gaude, eta euskal herriko kostako itsas zetazeoen adituak diren Ambarrekin batera, itsas esperientzia ahaztezina biziko dugulakoan gaude.  

Gurea itsas pasioa eta bere bizi biodibertsitatea denez, pazko aste honetan kostako biodibertsitatea ezagutzeko tailer bat egingo dugu, marearteko espezie ezberdinak ezagutu eta lupen bidez, honek ezkutatzen dituen altxor guztiekin harritzeko aukera izango dugu.

Udaberri hau biziz beteta dago, eta gure Jaizkibel – Ulia kostak maitemindu egiten du: gure labarretako Armeria baliotsuena iada loratzen dago, eta antxetak, laister jaioko diren beraien arrautzak zaintzen ari dira; Salpak ikusiko ditugu itsaso irekian flotatzen, ura iragazi eta lumineszentzia ia magikoa erakusten; gure udaberria dugu iada hemen, gozatzeko, eta batik bat, zaintzeko, orain arte eman digun bizi-itsasoa ematen jarrai dezan.