Eguberriak era ekologikoagoan eta planetarekin abegikor izanez bizitzea gustatuko litzaizuke? Post honetan aholku batzuk emango dizkizugu zure ingurumen-inpaktua murrizteko eta jai jasangarriago eta solidarioagoez gozatzeko. 

Tokiko merkataritza babestu ezazu

Zure auzoko edo hiriko dendetan erosteak abantaila asko ditu: tokiko ekonomia bultzatzen duzu, garraio-emisioak murrizten dituzu, hondakin gutxiago sortzen dituzu eta gizarte-sarea mantentzen laguntzen duzu. Gainera, produktu originalagoak, artisauagoak eta kalitate gehiagokoak aurki ditzakezu. Artisau merkatuak, Gabonetako azoka txikiak, bigarren eskuko dendak… leku ezin hobeak izan daitezke inor epel utziko ez duen opari hori topatzeko.

Esan ezetz kontsumismoari

Gabonak gehiegikerien garaia dira, baina baita kontsumo arduratsua praktikatzeko aukeren garaia ere. Erosi aurretik, pentsatu ea benetan behar duzun erosiko duzun hori, edo ea lehendik duzun zerbait berrerabil dezakezun edo norbaitekin partekatu dezakezun. Opari xumeagoak, eskuz egindakoak edo birziklatutako materialekin egindakoak ere aukera ditzakezu. Opari fisiko bat aukeratzen baduzu, uste al duzu opari-papera erostea beharrezkoa dela? Egun berezi horietan, produktu horren kontsumoa handitu egiten da, eta oparia bildu eta minutu gutxi batzuetan suntsitzen da erabilitako paper hori. Horren ordez, berrerabili egunkariak, aldizkariak, gorde dituzun beste opari batzuen paperak edo etxean dituzun beste bilgarri batzuk; jarri martxan sormena!

Hurbileko eta sasoiko elikagaiak kontsumitu

Bizi zaren tokitik gertu ekoizten diren eta unerik onenean biltzen diren elikagaiek zapore handiagoa, mantenugai gehiago eta ingurumen-inpaktu txikiagoa dute. Gainera, kontsumitzean, bertako nekazariei laguntzen diezu eta elikadura osasungarriagoa eta ugariagoa sustatzen duzu. Denboraldiko egutegiak kontsulta ditzakezu, urteko sasoi bakoitzean zein fruta eta barazki aukeratu jakiteko. Haragiari dagokionez, honen kontsumoa murrizteko beharra gogoratu behar da; izan ere, gehiegizko kontsumoak osasunean duen eragin negatiboaz gain, haragi-ekoizpenak ingurumenean duen eragina ere ezin baitugu ahaztu. Ekoizpen estentsiboko eta tokiko haragiak noizean behin kontsumitzea da komenigarriena. Menu begetarianoa edo beganoa aukeratzea beste aukera bat da, eta horretarako BeVeggie azoka (Ficoba 6-9 abendua) inspirazio handikoa izan daiteke.

Esperientziak eta ezagutza oparitu

Opari jasangarriagoak eta abersagarriagoak egiteko beste modu bat esperientziak eta ezagutza oparitzea da. Adibidez, ikastaro bat, aldizkari baterako harpidetza, ikuskizun baterako sarrera, landa-ihesaldi bat edo aire zabaleko jarduera bat oparitu ditzakezu. Horrela, hondakinak sortzea saihesteaz gain, opari pertsonalizatuagoa, originalagoa eta gogoangarriagoa eskaintzen duzu. MATERetik gure ontziko jardueren opari-bonuak oparitzea proposatzen dizugu, hala nola nabigazioak, bisita gidatuak, tailerrak… edo MATER Klubari harpidetza bat oparitzeko eta gure jardueretan abantailak oparitzeko aukera, itsas ondarearen kontserbazioan ere ekarpenak eginez.

Karbono-aztarna murriztu

Alferrikako joan-etorriak saihestea eta garraiobide garbiagoak, hala nola trena, autobusa edo bizikleta aukeratzea, karbono-aztarna murrizteko erarik errazenak dira. Etxean energia era askotan aurreztu dezakezu, LED argiak erabiliz, erabiltzen ez dituzun aparatuak itzaliz eta termostatoaren tenperatura erregulatuz, esaterako.

Aholku hauek gabon berde eta zoriontsuagoak bizitzeko balioko dizutela espero dugu. Gogoratu keinu txikiekin aldaketa handiak egin ditzakegula gure planeta zaintzeko.