Gizarte-berrikuntzarako aliantzak ehuntzen
Gero eta gehiago entzuten dugu gizarte-berrikuntzaz hitz egiten, eta badirudi ideia pixkanaka barneratzen ari garela. Baina benetan badakigu zer den?
Gaur, EUROPAKO ITSAS EGUNEAN, hausnarketa egin nahi dugu sareek eta aliantzek eskaintzen dizkiguten aukerei buruz, eta nola bihur daitezkeen gizarte-berrikuntza eta itsas jasangarritasunaren motor.
Itsasoak kulturak lotzen ditu. Gero eta zabalduago dago itsasoak planetako bizitzaren jasangarritasunerako duen garrantziaren kontzientzia, nahiz eta “Lurra” deitzen diogun planeta honi. Duela 50 urte baino gehiago espaziotik ateratako irudi ikoniko hark iltzatuta utzi zuen gure buruan planeta urdina dela, eta ideia hori gero eta gehiago ari da sustraitzen: itsasoa zaintzea bizitza zaintzea ere bada.
Planetaren mugen aurreak ekin
Lurraren gainazalaren %71 baino gehiago ozeanoek estaltzen dute. Itsasoa naturaren bizi-organo nagusietako bat da, eta gizakiok haren mende bizi gara. Horregatik dugu hau zaintzeko ardura. Bizia sostengatzen duen urdin handia babestu behar dugu.
Jakitea eta egitea ez dira gauza bera. Zientziak hamarkadak daramatza ohartarazten bizi segurua eta duina ahalbidetzen duten planeta-mugetara iristen ari garela. Arriskua ezagutzen dugu, baina ekitea kostatzen zaigu.
Presaren eta erosotasunaren gizarte honetan, ez dugu lehentasuntzat hartzen. Edo mila aitzakia jartzen ditugu ezer ez egiteko. Gure adimena benetan trebea da geldirik jarraitzeko arrazoiak asmatzen; eta horrela jarraituz gero, belaunaldi gutxiren buruan “Sapiens” abizena kentzeko moduan izango gara.
Ekintza kolektiboa
Ingurumen-psikologiak argi dauka: kolektiboki hobetzeko proiektuek motibatu egiten gaituzte, eta osasungarriagoak eta jasangarriagoak diren aldaketak sendoago eta iraunkorrago bihurtzen dituzte. Horixe da gizarte-berrikuntza: gizarte osoa ahalduntzen duten irtenbideak bilatzea, inklusioa, ekitatea eta jasangarritasuna sustatuz. Ideia berriak sortzeko metodologia berriak aplikatzea, eta erakundeen arteko lankidetza irekiaren alde egitea.
Bide honetan bidelagunak aurkitzea bizitzako plazer handienetako bat da, hamarkadetako ikerketa zientifikoek erakutsi bezala. Zoriona partekatuz sortzen da. Guztion onerako elkarrekin lan egitea, beraz, benetako asebetetze-iturri da.
Are gehiago. “Hazkundearen mugak” (Meadows et al., 1972) erreferentziazko lanean azaltzen den bezala, sare bidezko koordinazioa jasangarritasunerako trantsizioaren tresna nagusietako bat da. Duela 6.000 urte nekazaritzaren iraultzarekin gertatu zen bezala, oraingo iraultza hau ere ez dugu amaituta ikusiko; ez gara gai ere haren benetako neurria ulertzeko, mendeak beharko baititu guztiz garatzeko.
Jasangarritasunaren iraultza honek teknologiatik harago doazen tresnak behar ditu: gizatasuna eta eraldaketa kolektiboa behar ditu. Eta ezin ditugu ahaztu aipatutako argitalpen horretan bertan azpimarratzen diren beste tresna zoragarri batzuk ere:
- etorkizun desiragarri baten ikuspegia
- egia, desinformazioaren gainetik
- etengabeko ikaskuntzarekin lotutako ekintza
- eta gizakiaren alderdirik onena elikatzen duen maitasuna
Sareak ehuntzen
Jar dezagun praktikan jakintza hori koordinazio-sareen eta aliantzen bidez. Interes komunak partekatzen dituzten pertsonak eta kolektiboak; harremanetan jarraitzen dutenak, datuak eta ideiak trukatzen dituztenak, eta elkar maite, errespetatu eta babesten dutenak.
Sare eta aliantza horiek dira erronka eta itxaropena; etorkizun esperantzazko hori kolektiboki eraikitzeko sostengatu behar dugun ardatza. Lankidetza ireki hori, enpresekin, erakundeekin, komunitateekin eta instituzio publikoekin aliantzak sortuz, proiektuetarako baliabideak lortzeko eta proposatutako irtenbideen eragina gizartean zabaltzeko.
Norbaitek esan zuen bezala: “Oilaskoaren aroan bizi gara: KOsortu, KOlaboratu, KOoperatu…”
MATERetik, guk ere pozez egiten dugu kukurruku, tokikotik globalera sareak ehunduz: Atlantiko mailan itsasoa zaintzeko Blue Ambassadors bezalako ekimenekin, eta baita gertuko lankidetza euskaldunagoekin ere, esaterako Tantak eta datorren asteko Tantak Fest jaialdiarekin.
Ez utzi batzen jarraitzeari: batuketak egiten du indarra. Aurrera!













Jarrai gaitzazu