Aurten, MATERrentzat bidaia ahaztezina izan da, une bakanez, elkarrekin ikasitako esperientziaz eta itsasoaren magiaz beteriko urtea. Erronkez eta aukerez betetako uretan nabigatu dugu, jasangarritasunaren, komunitatearen eta gure ingurunearekin konektatzearen inguruko istorioak ehunduz.
Urte honetan zehar gertatutakoaren inguruko hausnarketa bat partekatu nahi dugu zuekin. Zorionez, MATERrek inoizko helburu eta zifra garrantzitsuenei aurre egin die aurten. 12.000 pertsona baino gehiago kontzientziatu ditugu, bai gure ontzian bai antolatu ditugun jarduera, hitzaldi eta topaketa ugarietan.
Jarduera ekoaktiboak: itsas hondakin bilketak, kostaldea aztertzeko ekintzak eta mikroplastikoak zein itsas hondakinak arrantzatzeko nabigazioak, marka guztiak gainditu dituzte aurten. Guztira 76 ekintza burutu ditugu, eta 1.800 lagun inguru parte hartu dute. 750 kilo hondakin jaso eta ia 50.000 itsas hondakin aztertu ditugu banan-banan. Bestalde, 14 irteera egin ditugu, amarrak askatuz gure itsasoaz gozatu eta hari arreta eskaintzeko, konpromiso eta sentikortasunagatik nabarmentzen den gizarte baten laguntzarekin. Eskerrik asko lan honetan bidelagun izan zareten tripulazio guztiari.
Gainera, lurraldetik egindako 62 bilketa ere burutu dira (hondartzak, erreka bazterrak, portuak…), eskularruak eta zakuekin ingurune naturalaren zaintzan parte hartu duten pertsona guztien ahaleginari esker.
MATERren 2024ko proiektu nagusiak hauek izan dira:
- Itsaso Bizia, Itsas Hondakinen Erronka eta Itsas Hondakinen Garaiko Artistak: Hezkuntza-proiektuak eta unitate didaktikoak.
- Alda Dezagun Mundua eta Itsas Zaintza Sarea: Ekintza komunitario eta ingurumenaren aldeko sareak.
- Zero Zabor Uretan + Ni Itsas Zaindari | Komertzioak: MATERren kostalde osoan zehar garatutako sentsibilizazio-kanpaina ibiltaria.
50 euskal udalerri baino gehiagotan gure mezua zabaldu dugu, eta etorkizun jasangarriago baten haziak erein ditugu, naturarekin eta elkarrekiko zaintzarekin harmonian.
Hori guztia, noski, MATERengan sinestu eta gurekin batera lan egiten duten 110 eragile baina gehiagori esker ez balitz, ezinezkoa izango litzateke. Administrazioak, elkarteak, taldeak eta udalak… guztiak beharrezkoak dira, elkarrekin indartsuagoak garelako.
Harrotasun handiz jaso dugu Izaskun Suberbiola, MATERren zuzendariak, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako Gipuzkoa Emakumeak eta Jasangarritasuna Saria. Aintzatespen honek gure bidea zuzen dagoela sinesteko indarra ematen digu.
2025eko urtea ortzimugan agertzen den honetan, une batez gelditu nahi dugu eskerrak emateko: gure bidaia honen parte izateagatik, aurrera jarraitzeko inspirazioa emateagatik eta itsas tradiziotik abiatuta gure planeta zaintzeko amets kolektibo honetan sinesteagatik. Etorkizuna aukera eta itxaropenez betea dator, eta zuek horren parte ezinbestekoa osatzen duzue!
Eskerrik asko bihotzez!
Jarrai gaitzazu