Gabonak amaitzen direnean, dena pixkanaka normaltasunera itzultzen dela dirudi. Argiak jasotzen ditugu, zuhaitza desmuntatzen dugu, egongela txukuntzen dugu eta ohiko errutinei heltzen diegu berriro. Hala ere, ez da dena hain erraz desagertzen.

Badago askoz gehiago irauten duen aje ikusezin bat: kontsumoaren gorakada, sortutako hondakinak, energiaren erabilera intentsiboa, garraio gehigarria, zarata, argi artifizial etengabea… beti ikusten ez ditugun inpaktuak, baina ingurumenaren, eta bereziki itsasoAn, aztarna sakona uzten dutenak.

Ospatzeak ere badu kostu ingurumenala

Gabonetako aldian, datuek erakusten dute etxeko hondakinen sorrera urteko beste hilabete batzuetan baino %30 arte handitu daitekeela, aldi horretan sortzen diren hondakin guztien ia erdia izateraino. Igoera hori zuzenean lotuta dago jaietako kontsumoarekin: opariak, otordu bereziak eta familia-ospakizunak, emozionalki beharrezkoak eta baliotsuak izan arren, baliabide gehiago erabiltzea dakartenak.

Ontziak ugaritzen dira, kartoia, plastiko-bilgarriak, erabilera bakarreko bilgarriek eta hondakin organikoek gora egiten dute. Material horietako asko zailak dira birziklatzeko hainbat arrazoirengatik: zuzenean birziklagarriak ez diren materialak, kopuru gehiegizkoak, bereizi ezin diren geruza anitzeko materialak, edo kudeaketa egokirako teknologia faltagatik. Nahiz eta asmo ona izan, botatzen dugun guztiak ez du bigarren bizitzarik aurkitzen.

Hondakinak ez dira edukiontzian gelditzen. Horietako zati bat, bereziki plastikoak, ingurune naturalean barreiatzen da. Haizea, euria eta ibaiak garraiobide isilak dira, material horiek itsasoraino eramaten dituztenak.

Behin han, arazoa areagotu egiten da. Plastikoa ez da desagertzen: pixkanaka mikroplastiko bihurtzen da, hamarkadetan, baita mendeetan ere, irauten duten partikulatan, itsas biodibertsitateari eraginez eta elikadura-katean sartuz. Minutu gutxitan erabiltzen dugunak belaunaldietan zehar iraun dezake ozeanoan.

Argi gehiago, zarata gehiago, emisio gehiago

Gabonek ez dute hondakin kopurua soilik handitzen. Ikusezinagoak baina berdin garrantzitsuak diren beste kutsadura mota batzuk ere nabarmen areagotzen dira.

Argi-kutsadura aste askotan zehar handitzen da. Kaleak, saltokiak eta etxebizitzak ordu askotan argiztatuta egoten dira, pertsonen, animalien eta ekosistemen erritmo naturalak aldatuz. Batez beste, gure hirietako Gabonetako argiak 200 ordu inguru piztuta egoten dira azaroaren amaieratik Errege egunera arte.

Horri zarata-kutsadura gehitzen zaio. Trafiko gehiago, ekitaldi gehiago, bilerak eta ospakizunak direla eta, zarata-mailak igo egiten dira, gizakien ongizateari zein faunari eraginez, bereziki hiri- eta kostalde-inguruneetan.

Garaiko joan-etorri, bidalketa eta itzuleren gorakadak aire-kutsadura ere handitzen du. Garraio gehiago izateak berotegi-efektuko gas gehiago isurtzea dakar, klima-aldaketa eta arnasten dugun airearen kalitatearen okertzea areagotuz.

Eta horrek guztiak, zuzenean edo zeharka, itsasoetan du eragina: berotze globalaren bidez, ozeanoaren azidifikazioaren bidez eta itsas ekosistemen gaineko presio etengabearen bidez.

Ikusten ez dugun kostua, baina denon artean ordaintzen duguna

Ingurumen-inpaktuaz gain, badago kostu ekonomiko kolektibo bat ere. Gabonetako argiztapenaren eta harekin lotutako jardueren kostua. Hondakinen gorakada kudeatzea, espazio publikoak garbitzea, hondakin gehigarriak tratatzea eta hondartzak zein ibaiak kutsadurarik gabe mantentzea gastu handia da administrazio publikoentzat.

Kostu hori pertsona guztien artean ordaintzen dugu. Sortzen den hondakin kilo bakoitzak prezio bat du, tasetan, zergen bidez eta baliabide publikoen erabileran islatzen dena. Baliabide horiek hezkuntzara, osasungintzara edo ingurumenaren babesera bidera litezke, baldin eta ez bagenitu kontsumo gehiegizko eta kaltegarriaren ondorioak konpontzera bideratu behar.

Jaien ondoren, beherapenak

Erritmoa jaitsi ez dugunean, beherapenak iristen dira. Eta haiekin batera, kontsumo-, bidalketa-, ontziratze- eta itzulera-bolada berri bat. Zikloak aurrera jarraitzen du, askotan benetan zer behar dugun pentsatzeko astirik eman gabe.

Ez da ospatzeari uko egitea edo gozamena erruduntzat hartzea. Kontua da nola eta zenbat kontsumitzen dugun konturatzea, eta ulertzea gure erabaki indibidualak sistema askoz zabalago baten parte direla.

Egunerokotasunetik heztea

Neskato eta mutikoekin bizi garenontzat, une hau bereziki garrantzitsua da. Ingurumen-hezkuntza ez da eskolan edo jarduera puntualetan soilik gertatzen. Etxean gertatzen da, eguneroko keinuetan, behin eta berriro errepikatzen diren erabaki txikietan. Kontsultatu gure jardunbide egokien eskuliburua eta txertatu ohitura hobeak zure egunerokoan.

Objektuen ordez esperientzia partekatuak aukeratzen ditugunean, hondakinak murrizten edo bereizten ditugunean, edo bilgarria zergatik berrerabiltzen dugun azaltzen dugunean, balioak transmititzen ari gara. Diskurtso handirik gabe, planeta zaintzea eguneroko bizitzaren parte dela erakusten dugu.

Ez gara perfektuak izan behar

Ingurumena zaintzea ez da perfekzioaz ari. Asmoaz, ikaskuntzaz eta etengabeko hobekuntzaz ari da. Keinu txiki bakoitzak balio du, batez ere denboran mantentzen denean eta familian partekatzen denean. Murriztea, berrerabiltzea, kontzientzia handiagoz aukeratzea, gutxiago eta hobeto kontsumitzea. Urrats sinpleak dira, baina indartsuak.

Ozeanoak ez ditu heroiak ezta irtenbide ezinezkoak behar. Pertsona informatuak, sentikorrak eta konprometituak behar ditu. Lurrean gertatzen denak uretan ondorioak dituela ulertzen duten pertsonak.

MATER Ontzi Museo Ekoaktiboan egunero ikusten dugu: norbait itsasora hurbiltzen denean, ezagutzen duenean eta haren hauskortasuna ulertzen duenean, zerbait aldatzen da. Informazioa emozio bihurtzen da, eta emozioa ekintza. MATERetik ikasten jarraitzera, gogoeta hau etxean partekatzera eta egun hauetan sortutako inpaktua iraultzeko ekitera gonbidatzen zaitugu. Nola? Adibidez, MATER taldearekin batera abenduaren 25ean Pasaian, Alabortzan, egingo den itsas hondakinen bilketa-jardueran parte hartuz.

Izan ere, ozeanoa zaintzea bizitza zaintzea da.