“Itsas plastikoen inbasioa gelditu dezagun” lelopean abiatu genuen Blue Expedition. MATERen egin genuen bidaia, Europako sentsibilizazio-kanpaina honen baitan, Kantauri kostaldeko hiru portutara iritsi ginen, itsas plastikoen arazoa ikusarazteko eta herritarrak zein itsas eragileak mobilizatzeko. Guretzat aukera paregabea izan da gure motibazio handiena dena egitekoa: itsasoaren aldeko konpromisoa partekatzen duen Kantauriko sare bat ehuntzea.

Zer da Blue Expedition?

Blue Expedition Europako BluePoint proiektuaren parte da, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatua, eta bere helburua itsas plastikoen kutsaduraren inguruan kontzientzia sortzea eta ekonomia urdin jasangarria sustatzea da.
Urrian zehar, MATER Ontzi Museoa Ekoaktiboa, herriaren topaleku eta ikasgela flotatzaile bihurtu genuen, Pasaia, Santander eta Avilés portuetatik nabigatuz “Itsas plastikoen inbasioa gelditu dezagun” lelopean.
Hiru geldialdi izan genituen, baina herri ezerdinetako eragile eta erakundeak —kostaldekoak zein barrualdekoak— batu genituen bidai honetan.

Zer egin genuen MATERetik?

Ontzian, egun berezi eta intentsuak bizi izan genituen. Portu bakoitzean jarduera irekiak antolatu genituen: bisita gidatuak, familientzako tailerrak, erakusketak, proiekzioak, sormen ekintzak eta batez ere itsas hondakinen bilketak kostalde eta portu inguruan.
Giro partehartzailean egin zen dena, eta solasaldi bakoitzak gogorarazi zigun zergatik egiten dugun egiten duguna: itsasoa babestea bizia babestea baita.

Zergatik da garrantzitsua kanpaina hau?

  • Itsas plastikoek biodibertsitatean, osasunean eta kostaldeko ekonomian eragina dutelako.
  • Blue Expedition ekimenak hezkuntza, ekintza zuzena (bilketak eta karakterizazioak) eta ekonomia zirkularra uztartzen ditu, hondakinak aukera bihurtuz.
  • Eta garrantzitsuena: tokiko sareak (Blue Ambassadors) aktibatzen ditu, ontzia portutik irten ondoren ere ekintzak bizirik mantentzeko. Funtsezkoa da eragile anitzen arteko sareak ehuntzea helburu komun baten alde: gure itsasoaren zaintza.

Parte-hartze eredugarria portu bakoitzean

Blue Expedition 2025 kanpainak parte-hartze zabala eta anitza izan du.  Pasaia, Santander eta Avilés portuetan, 2.000 lagun baino gehiago igaro dira MATERetik: bisitariak, ikasleak, familiak eta ekonomia urdinean diharduten eragileak.  Goizez, ehunka ikaslek zuzenean ikasi zuten nola eragiten duten hondakinek itsas ekosisteman, eta zer egin daitekeen hori aldatzeko.
Arratsaldez, familiak eta bisitariak hurbildu ziren tailerretan eta bisitetan parte hartzera, ikuspegi praktiko eta parte-hartzailean oinarrituta.

Zenbakietan, Blue Expeditionek honakoak bildu zituen:

  • 1.937 bisitari
  • 31 tokiko eragile (elkarteak, kofradiak, udalak, GKEak eta enpresak)
  • 73 boluntario, hondakinen bilketetan zuzenean parte hartu zutenak

Datu horiek erakusten dute ez bakarrik kanpainaren dimentsioa, baita parte hartu duten guztien konpromiso partekatua ere. Ontzira igo zen pertsona bakoitza, bildu zen hondakin bakoitza eta itsasoaren inguruko elkarrizketa bakoitza mezu beraren parte izan dira: aldaketa guztion artean hasten da.

Bilketen emaitzak

Blue Expeditioneko hiru geldialdietan, herritarrek —ikasleetatik hasi eta tokiko elkarte eta boluntarioetara— guztiz bat egin zuten erronkarekin.
Pasaia, Santander eta Avilés artean, 129 kilo hondakin baino gehiago eta 9.000 objektu jaso ziren portu eta kostalde ingurutik.

Portu bakoitzak bere errealitatea erakutsi zuen:
🚬 Pasaian, zigarrokinak izan ziren ugarienak, eguneroko ohituren eragina agerian utziz.
🧱 Santanderren, beira zatiak eta eraikuntza-materialak nagusitu ziren, hiriaren aztarna kostaldean erakutsiz.
🪸 Avilesen, plastikoak, soka zatiak eta aparrak izan ziren gehienak, jarduera arrantzale eta portuarri lotuta.

Datu horien atzean dago MATER taldearen lan jarraitua: ez bakarrik nabigatu eta jarduerak koordinatu, baizik eta hondakinen jarraipena eta analisia egitea ere, Europako Blue Point proiektuaren baitan.

Zenbakien gainetik: komunitatea eta ekintza

Baina espedizio honen baliorik handiena ez dira zenbakiak, pertsonak baizik. Portu bakoitzean laguntzeko prest zeuden eskuak, ikasteko gogoa zuten ahotsak eta itsasoaren erritmoan taupada egiten zuten bihotzak aurkitu genituen.  Kantauri aldeko sare urdina ehundu dugu: itsasoa maite eta zaintzeko konpromisoa hartu duen komunitatea, ekintza txikien bidez eragin handia izango duena. 

Eta Blue Expedition hau portura iritsi arren, badakigu bidaia ez dela hemen amaitzen.  Itsas hondakinak eta plastikoak gure garaiko erronkarik handienetako bat dira.  Hau izan da MATERrentzat lehen urrats handia, euskal portuetatik harago sentsibilizazioan eta dibulgazioan. Oroigarri bat: elkarrekin nabigatzen dugunean —pertsonak, erakundeak eta eragileak— benetako aldaketa posible dela.

Eta hala jarraituko dugu, nabigatzen eta indarrak batzen, olatu bakoitzak istorio berri bat kontatu arte: itsaso garbi, bizidun eta errespetatu batena.