MATERen atzean dauden pertsonei aurpegia jarri nahi diegu eta Ane Goenaga aurkezten dizuegu, MATEReko gida eta proiektu kudeatzailea da duela urte betetik. Energia berriztagarrietan ingeniaria eta ingurumen hezitzailea da, hau natura eta biodibertsitatea zaintzeko duen konpromisoa gauzatzen duen edozein ekintzetan argi eta garbi nabari da. Baina hobe dugu berari hitza ematea. Erreproduzitu bideoa edo irakurri elkarrizketa.
ZERK ERAMAN ZINTUEN MATER-EN LAN EGITERA?
Ni izatez ingeniaria naiz, Energia Berriztagarrien Ingeniaritza Gradua ikasi eta horretan jardun bainuen 2 urtez. Nahiz eta arloa gustatu, egia da ez nuela inoiz sentitu nire lekua zenik. Gero eta argiago nuen inguratzen gaituen munduarekin lotuago zegoen zerbaitetan lan egin nahi nuela, eta naturarekiko dudan maitasunak gidatua, Ingurumen Hezkuntza eta Kontrola Goi Maila ikastea erabaki nuen. Puntu horretan konektatu nintzen MATERekin, bertan praktikak egitearen bitartez eta ordutik, hemen jarraitzen dut.
NOLAKOA DA ZURE EGUNEROKOTASUNA MATER-EN LANEAN?
Egunerokotasuna MATERen oso aldakorra da. Izan daiteke egun osoa ordenagailuan egotea proiektuak kudeatzen, taldeekin bisitak egiten, nerabeekin hondartzan mikroplastikoen bila edo nabigatzen, zalantzarik gabe errutina hitza ez dago MATERen hiztegian.
ZEIN PROIEKTU DUZUE ESKUARTEAN?
Egia esan, urte mugitua datorkigu, baina nire lanari dagokidanez, hilabete honetan jada Itsas Zaintza Sarearen erritmoa berreskuratu dugu, itsasoaren alde egingo duten itsas eragileen sarea sortzea helburu duen proiektua. Eta, nola ez, ZERO ZABOR URETAN egitasmoaren lehen urratsak eman ditugu, izan ere, itsaso osasuntsu baten aldeko zeharkaldia izateaz gain, bisitatzen ditugun herri bakoitzean lana askoz lehenago hasten da: umeentzako ahalduntze hitzaldiak, erakusketak, merkatariekin batera kanpaina berezia…
ZER DA ENTZUTEN DUGUN SOINUA?
[Ikusi elkarrizketa bideoan] Bada, hain ezaguna egiten zaigun soinu hori ontziaren sokak dira, kaian lotuta mantentzeko lanean ari direnak. Dirudienez, egun hauetan itsasoa pixka bat nahasita dagoela eta horregatik entzuten ditugun soinuak.
ZER EMATEN DIZU MATEREN LAN EGITEAK?
MATERen lan egiteak etengabe ikasteko aukera ematen dit. Betidanik izan dut ingurunearekiko jakin-mina, baina MATERek egunerokotasunaren erritmo frenetikoa dela eta ulertzeko eta baloratzeko astirik ez dugun errealitatera hurbiltzen zaitu.
Bai onari dagokionez —gure ingurunea ezagutu, haren biodibertsitatea, eskaintzen dizkigun onurak… bai txarrari dagokionez —bizi dugun klima-krisiaz eta gure osasunean, gizartean, ingurune naturalen galeran eta abarretan dituen inpaktuez kontziente izatea—.
ZEIN MEZU PARTEKATU NAHI DUZU MATER-EKO KOMUNITAREKIN?
Bada, batez ere, itxaropen mezu bat partekatu nahi dut. Badakigu gure planeta ez dagoela bere momentu hoberenean, eta gu, neurri handi batean, erantzule gara. Baina uste dut amore eman edo ezer ez egin beharrean introspekzio-lan bat egin behar dugula. Gertatzen ari denaren mina sentitu behar dugu eta jabetu arazoaren parte garela. Baina, horrek ere konponbidearen parte egiten gaitu eta hortik abiatuz naturarekiko bat egingo duen nork bere burua berriro eraiki.
Jarrai gaitzazu