Itsas hondakinak eta mikroplastikoak gaur egun aurre egin behar diegun ingurumen-arazo handietako bat dira. Ziur aski, hitz horiek behin eta berriz entzungo zenituzten albistegietan, dokumentaletan eta bideo ugaritan, izan ere, 2018an “mikroplastiko” urteko hitz aukeratu zuten. 5 mm baino gutxiagoko plastikozko pieza horien kontzentrazioa ozeanoen ingurumen egoera onaren funtsezko adierazlea da, itsas estrategiari buruzko Esparru Zuzentarauak nahiz Nazio Batuen Ingurumenerako Programak edo Osasunaren Mundu Erakundeak aitortua.
Eta, zein da Bizkaiko Golkoan itsas hondakinek eta mikroplastikoek eragindako kutsadura maila? Zenbait ikerketa zientifikok Bizkaiko Golkoa itsas hondakinen bizitegi-maila handiko metaketa-eremu gisa deskribatu dute, bere ozeanografia fisiko bereziagatik, ibaien presentziagatik eta biztanleria dentsitateagatik (Gago et al., 2015; van den Beld et al., 2017; Lebreton et al., 2012; van Sebille et al., 2012; Pereiro et al., Life Lema). Hala ere, oraindik ezjakintasun handia dago arazo honen larritasunaren inguruan, eta ikerketa premia larria da.
Hain zuzen ere, zeregin horrekin, MATER taldeak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Pasaiako Portuko Agintaritzarekin lankidetzan, SEABIN PASAIA proiektu pilotua garatu du, Pasaiako badiako itsas hondakinak biltzeko eta haren jarraipena egiteko sistema berritzaile bat instalatzean datzana. SEABIN itsas zakarrontzi bat da, eta urtean batez beste 1,4 tona itsas hondakin eta mikroplastiko harrapatzen ditu. Mundu osoko 1.000 klub nautiko eta portu baino gehiagoko uretan kokatuta, 2020ko irailetik Bizkaiko Golkoan lehena da SEABIN PASAIA.
Proiektu pilotuak iraun duen sei hilabeteetan, 5 laginketa eta analisi-aldi arrakastatsu egin dira badiako bi kokalekutan, itsas zakarrontziaren funtzionamenduarekin eta mantentzearekin ohitu, laginketa eta karakterizatzeko protokolo bat diseinatu, itsas hondakin flotatzaileen ugaritasunari eta tipologiari buruzko ezagutza handitu, proiektua eta emaitzak kanal fisiko eta digitaletan zabaldu eta herritarrak MATER ontzian egindako bisiten, tailerren eta boluntariotza programan parte hartu duten pertsonen bidez sentsibilizatu ditu.
Laginak hartzean eta aztertzean erabilitako metodologia erraza eta logistikoki bideragarria izan da, eta itsas hondakinen denbora-serieak lortzeko duen ahalmena erakutsi du, herritar zientzia tresna nagusi gisa erabiliz. Gauzatutako 5 aldietako bakoitzean, zortzi zeregin bete dira. Laginketa egunero egin dada, harrapatutakoa 12 orduro hustuz, bildutakoaren pisua eta baldintza klimatikoak erregistratuz, materia organikoa itsas hondakinetatik eta mikroplastikoetatik bereizi da prozesatze etapan, itsas hondakinak (5 mm baino gehiagokoak) eta mikroplastikoak (2 eta 5 mm artekoak) begi bistaz aztertu dira, tipologiaren eta materialen arabera, emaitza kualitatiboak eta kuantitatiboak lortzeko eta irudian agertzen diren gainerako etapak ere garatu dira. Analisietan lortutako datuak estatuko (MITECO) eta nazioarteko (Seabin Project) datu baseetan irauli dira.
Proiektu pilotu honetatik lortutako emaitzak benetan zirraragarriak eta itxaropentsuak dira, hemen 37 egunez lortutako datu garrantzitsuenak zerrendatzen dira:
- Guztira 74.7 kg zabor bildu dira
- Batez beste, 2.02 kg zabor egunean
- 27.547 item bildu eta banan-banan aztertu dira, mikroplastikoak barne
- 22.200.000 l ur iragazi
- Mikroplastiko 1 harrapatu da, 2.5 minuturo
- Aurkitutako mikroplastikoen % 40 poliespana ziren
- Datu baseetan iraulitako 5 datu bilketa zehatz
- 26 argitalpen baino gehiago sare sozialetan, bideo eta argazkien bidez
- 6 parte hartzaile boluntariotza programan
Kopuru horiek guztiek agerian uzten dute itsas hondakinen arazo handia, eta baita ere SEABIN PASAIAK arazo hori prebenitzeko duen potentziala; hondakinen kopurua eta tipologia hobeto ezagutzeko eta herritarrak sentsibilizatzeko, mehatxu global hori ikusaraziz. 2021ean zehar ur gaineko hondakinen jarraipena egiteko helburua duen proiektu aitzindari honekin jarraitzea espero da, eta ongi etorriak izango dira boluntariotzako programan parte hartu nahi duten pertsonak, eta gogora dezagun hondakinik onena sortzen ez dena dela.
Sara Lizarza
Jarrai gaitzazu