Biodibertsitatea da gure biziraupena bermatzen duen bizitzaren sarearen motore biologikoa: klima erregulatzea, ura garbitzea, laboreak polinizatzea eta oxigenoa sortzea ditu helburu. Milioika espeziek —bakteria ikusezinetatik hasi eta bale handi eta dotoreetaraino— elkarrekiko mendekotasunen sare konplexua osatu dute, milioika urteko eboluzioaren bidez.

Biodibertsitatea: gure etxearen taupada bizia

Gaur egun, ordea, sistema hori inoizko presiorik handienaren pean dago. Planetaren seigarren biodibertsitate-galera masiboa bizi dugu, bosgarrenarekin alderatuz —dinosauroak desagerrarazi zituena—. Azterketa berriek ohartarazten dute gaurko desagerpen-erritmoa naturala baino 100 eta 1.000 aldiz handiagoa dela, gizakiaren jarduerak bultzatuta eta klima-aldaketak areagotuta. Biodibertsitatearen galera ekosistemen erresilientzia ahultzen ari da, izurrite, lehorte eta uholdeen aurrean zaurgarriago bihurtuz.

Baina zientziak itxaropen mezua ere uzten digu: habitatak babestea, ekosistemak lehengoratzea eta isuriak gutxitzea eragin erreal eta neurgarria dute. Ongi zaindutako espezie bakoitzak, zaindutako ingurune bakoitzak eta berlandatutako baso bakoitzak, gure planeta bizitza sostengatzeko gaitasuna indartzen du.

MATERen, Kantauri itsasoaren taupadaz inguratuta, errealitate hau bizi-biziki sentitzen da sentsibilizazio nabigazio bakoitzean. Natura zaintzea ez da soilik betebehar etikoa: gure biziraupena bermatzeko egindako inbertsioa da. 

Jaizkibel-Ulia: Kantauri itsasoaren aurrean laborategi bizia

Jaizkibel eta Ulia, Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremuaren (ZEC) parte izendatu dira, habitat eta espezie babestuak mantentzeko duten balioagatik.

Itsaslabar handi hauek itsasertz atlantikoko landaredi bereziak gordetzen dituzte, gatz eta haize baldintzetara egokituta. Bertan egiten dute habia itsas hegazti batzuek, hala nola, Ubarroi mottodunak (Phalacrocorax aristotelis), eta migrazioan dabiltzan beste askok atsedenlekutzat erabiltzen dute. Kostaldeko haitzertz zein basoetan, guztira, 12 habitat daude babestuta,, Armeria euscadiensis landarea edo Belatz handia (Falco peregrinus) babesleku dutena.

Zientziak garbi esaten du: Jaizkibel-Ulia bezalako espazioen konektibitate ekologikoa ezinbestekoa da populazio osasuntsu eta erresilienteak mantentzeko, klima-aldaketa edo habitat-galera bezalako presioen aurrean.

KOSTALDEA IKERTZEN: 23. edizioa – 20 urte baino gehiago gure kostaldea zaintzen

Bi hamarkada baino gehiago daramatzagu MATERren Jaizkibel-Uliako badia eta kalak aztertzen: uraren kalitatea neurtuz, hondakin plastikoek eragindako kutsadura ikertuz, eta bertako, migratzaile zein inbaditzaile diren espezieak identifikatuz. Helburua: ezagutza sortu eta partekatzea, itsasoarekiko errespetua sustatzeko.

KOSTALDEA IKERTZEN ez da ikerketa eta ondare naturalaren kontserbazio programa soil bat: zubi bat da zientziaren eta herritarren artean, gure kostaldea ikasgela ireki bilakatuz, dugun altxorra baloratzen eta babesten ikasteko.

Herritar zientziaren bidez jasotako datuak Eusko Jaurlaritzarekin eta MITECOrekin partekatzen ditugu AZTERTU, MARNOBA eta OBSERVADORES DEL MAR (Itsas behaitzaleak) plataformen bidez, Jaizkibel-Uliako ingurumenaren jarraipenean gure aletxoa jarriz.

Zer egingo dugu? Kostaldeko lilurak eta zientzia

Ibilaldian gure inguruneren berezitasun geologikoak ezagutuko ditugu, hala nola Erentzingo paramoudrak: itsas hondoetan milioika urte lehenago sortutako silizezko zutabe eta noduluak.

Azabaratzan, “poliespanezko itsasoa” bisitatuko dugu. Olatuen zein eguzkiaren eraginpean degradatutako itsas hondakinen pilaketa puntua da, plastikoaren kontsumo joerak birpentsatzera eramaten gaituen gune naturala. 

Mendi tontorren gainetik, sai arreak (Gyps fulvus) aire-korronte beroak bilatuko ditu, hegoak ia mugitu gabe kilometroak egiteko. Lurretik gertuago, berriz, munduko bazter honi soilik dagozkion espezie endemikoak ezagutuko ditugu, gatz eta haize baldintza oso berezietara egokituak.

Ez dugu soilik behatuko: neurtu ere egingo dugu. Tenperatura, pH-a, gazitasuna, fosfatoak, nitritoak, O₂… Adibidez, errefraktometroarekin uraren gazitasuna aztertuko dugu, bizitza itsastarrak funtsezko parametro honen bilakaera hobeto ulertzeko eta klima- zein giza-aldaketek nola eragin diezaioketen ikusteko.

Indarrak batuz

Aurten, Kostaldea Ikertzen zikloak Gipuzkoako itsasertzeko txoko liluragarrienak ezagutzeko aukera emango digu. Bidaia Erentzinen hasiko da irailaren 20an (9:00-14:00), eta hurrengo egunean Artzun jarraituko du (irailak 21, 9:30-14:00). Hilabetea Alabortzan itxiko dugu (irailak 28, 10:00-13:00), eta urriaren 5ean Murgitara abiatuko gara (10:00-14:00). Udazken aurreratuan, Azabaratzako “puntu beltza” fenomenoa aztertuko dugu azaroaren 8an (9:00-14:00), eta denboraldia Asturiagan itxiko dugu azaroaren 23an (10:00-13:00).

Ekintza bakoitza biodibertsitatea behatu, hondakinak bildu eta  uraren parametroak neurtzeko aukera izango dugu, guzti hau MATEReko giden laguntzaz. Ikusiko duzu nola zientziak eta naturarekiko maitasunak bihotza bete eta Itsas Zaindari bihurtuko zaituen. 

Edizio honetan laguntzaile izango ditugu Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumen Saila, eta baita gure lagun diren Surfrider, Recicla-Birziklatu, Ecolimpieza Ciudadana eta Kaebnai Elkartea. Eskerrik asko bihotzez haien babes eta konpromisoagatik, beti aberasten gaituztelako.