Azkenaldian erosketetan, geroz eta ohikoagoa da produktuen jasangarritasunari garrantzia ematea. Arrandegira, merkatura, zein supermerkatura goazenean erosten ditugun itsas produktuak era jasangarrian arrantzatu al dira?
MATER Euskal Herrian arrantzarako zurez eraiki zen azken ontzia da eta hamarkada bat baino gehiagoantxoak , berdelak, sardinak eta hegaluzeak arrantzatzen jardun zuen. Itsas ingurunea errespetatzen duten arrantza-teknikak erabiltzen al zituzten? Egun, teknika berak erabiltzen ahal dituzte gure kostaldeko arrantzaleek?
MATER arrantzara irteten Getariako portutik
ARRANTZA KANTAURI ITSASOAN
Kantauri itsasoko arrantza jasangarria, berebiziko garrantzia duen gaia da gaur egun. Espainiako iparraldeko kostaldea eta Frantziako hego-mendebaldea hartzen dituen kostaldeko eskualde honek itsas espezie aniztasun handia baitu eta bertako kulturan zein ekonomian zeregin erabakigarria betetzen baitu. Kantauri itsasoko arrantzak tradizio handia du, baina azken urteotan ikuspegi jasangarri batetik heltzeko beharra gero eta nabariagoa da. Testuinguru horretan, arrantza jasangarria Kantauri itsasoko arrantza-jardueraren bideragarritasuna bermatzeko oinarrizko irtenbide gisa aurkezten da, espezieen kontserbazioa, itsas ingurunea babestea eta mendeko komunitateen ongizatea sustatzen duelako.
ARRATZA TEKNIKAK
Munduan zehar milioika itsasontzik arrantzatzen dute urte osoan zehar eta ontzi, lurralde eta espezie bakoitzaren arabera teknika ezberdinak erabiltzen dituzte. Arraste sareak, inguraketa sareak, nasak, tretzak, kainaberak, kazea… eta beste asko dira itsasoko biodibertsitatea ustiatzeko moduak. Baina Euskal Herrian, nola arrantzatzen da?
Euskal flotako baxurazko arrantzan jarduten duten atunontzietan, hiru dira darabilzten teknikak. Gutxien erabilia, kazea dugu, non nabigazioan zehar plastikozko amuak daramatzaten lerroak erabiltzen diren arrantzarako. MATERen, eta hortaz autonontzi handietan, ontziaren estriborreko aldea hegaluzearen arrantzara bideratzen da, beita bizia deritzon arrantza teknika tradizionalaren bidez. Teknika berezia da hau, gutxi erabilia eta euskal kostaldeko bereizgarria. Ababorreko aldean, berriz, erabilitako teknika inguraketa sarea da, antxoa bezalako espezie pelagikoak arrantzatzeko erabilia. Bi teknika hauek jasangarrienak direla esan daiteke, baldin eta garaian garaiko espezieak harrapatu eta selektiboagoak direlako. Honen inguruan sakontasunean jakin nahi? Hurbildu MATERen Bisita Arrantzalea egitera.
MATER BI ontziko tripulazioa hegaluzea beita biziaz kantauri itsasoan arrantzatzen
KUOTAK
Euskal kostaldeko arrantza-kuotak urte batetik bestera alda daitezke arrain populazioen ebaluazio zientifikoen eta Europar Batasuneko estatu kideen arteko negoziazioen arabera. Kuota horiek arrain-stocken iraunkortasuna bermatzeko eta itsas baliabideen gehiegizko ustiapena saihesteko ezartzen dira. Kuota hauek arrantza-ontziei esleitzen zaizkie eta jarraipen eta kontrol sistemen bidez arautzen dira. Era honetara, itsasoaren neurrizko ustiapena bermatzen da, espezien jarraikortasuna bermatzeko.
NOLA JAKIN EROSITAKO PRODUKTUA JASANGARRIA DEN?
Arrandegian zein supermerkatuan arrain freskoak erosterakoan produktu bakoitzaren etiketari so egin kontsumo arduratsua eta jasangarriaren aldeko apostua egiteko. Bertan erabilitako arrantza teknika, arrantza ontzia eta honen jatorrizko portua, arrantzatutako eremua, arrantza data… jasotzen dira. Hauek irakurtzen jakiteko adi hurrengo irudiari.
Etiketa lagungarria zaigun arren, bertan saltzaileengan konfiantza izan behar dugu, haiek dira eta inork baina hobeto gure itsasoko produktuak ezagutzen dituztenak. Garaiko arrantza eta bertakoa, Kantauri itsasoan arrantzatutakoa, saltzeko eskatuko diegu, eta suertatu dakigukeen edozein galdera egingo diegu, gure arrain freskoaren erosketan aukera jasangarriena aukeratzen laguntzeko.
ETA KONTSERBAK ZER?
Hegaluzea, antxoak, berdela, sardinak… Euskal kostaldean arrantzatutako espezie ia guztiekin egin ohi dira kontserbak, garaiz kanpo, hauek kontsumitu ahal izateko. Hauek erostean produktu freskoarekin kontuan hartutako irizpideak izan behar ditugu presente: flota, teknika, garaia, eremua… Honetarako ondorengo irudian jasotzen ditugu gakoak.
Irudian oliba olian ontziraturako euskal hegaluzea ikusten duzu. Bertan 4 dira markatutako puntuak: alde batetik MSC ziurtagiria, era jasangarrian arrantzatua izan delaren froga. Honekin batera, beita biziaz eta hortaz amuarekin arrantzatu dela adierazten duen zigilua dugu eta honen azpian “Dolphin safe” zigilua. Erabilitako teknika izurdeen biziraupenean eraginik ez duela adierazten duena. Azkenik, arrantzatutako espeziea, zonaldea eta FAO eremua adierazten zaigu, argi eta garbi gera dadin zein den produktua eta non arrantzatu den. FAO 27 eremuan arrantzatutako arraina bertakotzak hartuko da, Ipar Atlantikoa eta Kantauria hartzen duen zonaldea baita.
GEHIAGO IKASI NAHI?
MATERen ostegunetik igandera bitartean bisita gidatuak eskaintzen ditugu gure itsas kultura eta ingurumena balioan jartzeko. Bisita Arrantzalean ontziaren nondik-norako guztiak ezagutuko dituzu: erabiltzen dituzten arrantza teknikak, gidatu zein arraiak bilatzeko erabiltzen dituzten trikimailu eta sekretuak, arrantza gorde eta kontserbatzeko erabiltzen dituzten moduak, tripulazioaren bizipenak eta lo lekuak… eta askoz gehiago. Gainera, bisita amaitzeko bertako hegaluzea dastatzeko aukera izango duzu, pintxo Hurbildu bisita egitera eta bizi euskal kostaldeko arrantza eta ezagutu honen ikuspegi jasangarria!
Jarrai gaitzazu