Soraya, Mutrikuko bizilaguna, bere ingurunearekin lotura sakona duen pertsona da. Planeta zaintzeko duen konpromisoa uste sendo batetik sortzen da: eguneroko keinu txikiek ere aldaketa handiak sor ditzaketela.
Duela urte batzuk MATERekin kolaboratzen hasi zen eta Itsas Zaintza Sareko kidea da ia hasieratik bertatik, itsasoaren eta lurraldearen zaintzan modu aktiboan parte hartuz. Ezagutzen dutenek bere koherentzia azpimarratzen dute: eguneroko erabakiek —kontsumitzeko modutik hasi eta lan egiteko moduraino— ingurumenarekiko errespetuarekin bat etortzea bilatzen du. Sentsibilitatez, konpromisoz eta gaur egungo bizi-ereduarekiko begirada kritiko batekin, Sorayak tokikotik eta egunerokotasunetik etorkizun bidezkoago eta jasangarriago baten alde lan egiten duten emakume askoren adibidea irudikatzen du.
Gaur, MATERen “Emakume Ekokatiboak” ekimenaren barruan egindako elkarrizketa honetako protagonista da, bere ekintzekin eta mundua bizitzeko duen moduarekin inspiratzen duten emakumeei ahotsa emateko sortutako gunea.
Zer gustatuko litzaizuke gure planetan gertatzea 30 urte barru?
Gure planeta 30 urte barru jasangarriagoa eta pausatsuago izatea gustatuko litzaidake, presarik gabe eta naturaren zikloak errespetatuz. Ingurumenari lehentasuna ematen dion gizarte bat. Horretarako, beharrezkoa da kontzientzia piztea eta “desikastea”. Horregatik,uste dut ingurumen hezkuntza baliabide oso egokia dela inguruarekin inplikaturiko eta era aktiboan jarduten duen gizartea lortzeko. Hurrengo belaunaldiei irakatsi behar diegu badagoela bizitzeko eta kontsumitzeko beste modu bat zeren gaur egun bizi garen sistema kapitalista jasanezina da.
Nola uste duzu hori gertatuko dela? Zer pauso eman behar dira ikuspegi hori gauzatzeko?
Oso garrantzitsua da tokikoari balioa ematea, hurbileko ekoizleei lagundu eta babestea. Erosten dugun material bakoitzaren jatorria ezagutzea ere ezinbestekoa da eta nola ez, ezinbestekoa; hondakinak gutxitzea. Ingurumena zaintzea ez da aukera bat, ezinbesteko betebeharra da gure bizi-kalitatea eta planetaren osasuna bermatzeko.
Zer egiten duzu ikuspegi hori gauzatzeko?
Konfinamendua puntu eta aparte bat izan zen niretzat. Itxialdia denbora gehiago eman zidan hausnartzeko, gure bizimoduari eta gure kontsumoari dagokionez baita sortzen dugun zaborrari buruz ere. Kontzientzia piztu eta nire bizimodua aldatu behar nuela konturatu nintzen. Aldaketa nagusienetariko bat, nire lana izan zen, atzerriko merkataritzako teknikari izatetik artisau txiki –ESKUNE– bat izatera bihurtu arte. Kontsumo azkarra utzi nuen eta gaur egun bertako artisautza, lokala, bertako ekoizleei eta herriko denda txikietan erosten det ahalik eta zabor gutxien sortuz.
Kontaiguzu une honetan inspiratzen zaituen zerbait.
Niretzat natura etengabeko inspirazio iturri bat da, bere pazientzia eta berritzeko gaitasunarekin.
Itsas Zaintza Sareko kidea zara? Zer da Zuretzako sarea? Zergatik da beharrezkoa?
Duela urte batzuk Itsas Zaintza Sareko kidea naiz. Niretzat, sarea babesa eta lankidetza da. Gaur egungo mundu indibidualista honetan, uste dut, beharrezkoa dela indarrak batzea. Sareak gogorazten digu ez gaudela bakarrik gure borrokan, ezagutzak elkarbanatu eta gure ingurua – itsasoa zein lurra – zaintzeko ahots indartsuago bat eraiki behar dugula. Horretarako hainbat ekintza martxan jartzen ditugu saretik: sentsibilizazio ekintzak eta kanpainak, ingurumen praktika onak ezartzen lagundu, biodibertsitatearen eta itsas hondakinen behaketa aktiboa…
















Jarrai gaitzazu