Gizartea ingurumenaren zaintzan sentsibilizatzea da MATERen helburu nagusia eta bide berri bat sortu dugu erronka honi ikuspegi ezberdin batetik heltzeko. Kaleak bizitzeko eta gozatzeko eremu kolektibo bezala ulertzen ditugu eta honengatik kaleak hartuko dituzten bi itsas erraldoi sortu ditugu. ZABOR, Itsas Hondakinen Munstroa eta BIO, Biodibertsitatearen Dama.

photo

Prozesu anitza, sakona eta ederra izan da erraldoi hauen sorkuntza. Pasaiako adin guztietako pertsonekin bat egin dugu, auzoko jendearen arteko harremanak ehunduz eta eragile ezberdinen kolaborazioa sustatuz: Adinkide, Lalocadelacasa, MATER, Karmengo Ama Eskola, Goyeneche Fundazioa, Pasaiako Udala, PIE-EHU Plentziako Itsas Estazioa… 

ZABOR, bere izenak dioen bezala, itsasotik jasotako plastikozko hondakinekin egina dago. Gure itsaso maiteak gizakiok itsasora botatako hondakinekin duen arazoa ikusarazteko aukera ematen digu. Erraldoia gainera aldakorra da, hondakinak arrantzatu eta bildu ahala elementuak gehitzen zaizkiolako. Zabor beraz kontsumismo basatiaren errepresentazioa da, gizarte bezala ditugun kontsumo ohitura suntsitzaileen ondorioa.

BIOk ordea, biodibertsitatea adierazten du, gure itsasoetako biodibertsitate anitza. Komunitatean ehundutako dama bat da Bio, Pasaiako emakumeekin elkarlanean kakorratzez sortutako algak, koral eta askotariko espeziekin osatua. Prozesu honetan MATEReko eta PIEko kideon itsas biodibertsitatearen inguruko jakintza partekatu genuen eta ikaragarri ondo erretratatu zuten artilez pasaitarrek. Emaitza, 2,5 metroko erraldoi koloretsu eta itxaropentsua dugu.

Itsas Zaindari Martxa sortu genuen ostean, bi erraldoiak protagonista izanik. Kalejira eta antzerkia uztartzen dira zientzian, gizartean eta kontsumoan zentratuz eta itsas hondakinen inguruan eztabaida irekia sustatuz. Herriz herri izan gara martxa honekin. Lehenik Pasaian aurkeztu genuen, sorkuntza prozesuko kide guztiekin batera, batukadaren erritmoan Pasaia Itsas Festibalaren baitan. Ederra izan zen martxa, jendetza bildu ginen eta aldarrikapenak ozen oihukatu genituen. 

DSC1570

Zero Zabor Uretan itsas zeharkaldia izan zen erraldoiek bigarren agerraldia. Euskal Kostaldean zehar nabigatuz portuz-portu 8 herritara eraman genituen, herritar ezberdinengana iristeko asmoarekin eta tokian-tokiko egoerak ikusarazteko. Aurreko hilean Zarautzen izan ginen ere, malekoian zehar, egunean bertan hondartzatik jasotako hondakinak erakutsiz eta antzerkiaren bitartez familiak kontzuentziatzen.

Eta ia urte baten ostean berriro Pasaian izango ditugu, kasu honetan M8arekin bat eginez, feminismoak, ekologiak eta hortaz, ingurumenaren zaintzak bat egiten dutela erakusteko. Jarduera ezberdinak antolatu ditugu, Emakume Ekoaktiboak izenbean, bere momentuan gurekin bat egin zuten Pasaitarrei gure mezua helarazteko. Zabor eta Bio Trintxerpeko alkateordetzako balkoian izango dira aste osoan zehar, herritar ororentzat ikusgai. Matxoaren 9an 17:00-19:00 bitartean Pasaiako Ekopatruilak Hndakin bilketa gauzatuko du eta plastikoarekiko alternatibak aurkeztuko dituzte. Eta azkenik, 14ean “Itsas Hondakinen ikerketa Pasaian” izeneko hitzaldi-tailerra eskainiko dugu, Trintxerpeko alkateordetzan bertan, tokian-tokiko datuen bitartez herritarrak haien portuaren egoeraz jabetu daitezen. Gonbidatuak zaudete hortaz, irakurle guztiak, aipatu berri ditugun jardueretan parte hartzera eta nola ez, agendako atalean topatuko dituzuen jarduera guztietara hurbiltzera ere. 

266856 1674398197