Ekainaren amaierarekin, ikasturte amaiera dator, eta horrekin batera eskolako haur eta gazteekin garatzen ditugun jarduera eta proiektuen itxiera ere. MATERren etorkizun hobe bat sortzeko pertsonen boterean asko sinisten dugu, eta horregatik, adin guztietako pertsonak ingurumenaren zaintzan inplikatzen ditugu aurrera eramaten ditugun proiektu zein jardueretan.
“ITSAS HONDAKINEN ERRONKA: Gazteak Aldaketaren protagonistak” orain dela jada 6 urte, asmo horrekin hasi genuen hezkuntza proiektu berritzailea da. Gazteak ahaldundu nahi dituen unitate didaktiko (U.D) honen helburu nagusia, prestakuntza, ikerketa eta esperimentazioko diziplina arteko prozesu baten bidez, itsas hondakinen arazoari irtenbidea emango dioten proiektuak aurrera eramatea da. Unitate Didaktiko honek fase ezberdinak ditu, guztira bi hilabete eta erdiko iraupena duena. Lehen faseak, batez ere gelako saioak ditu, zientzietako irakasgaietan ematen direnak eta baita herritar zientzia garatzeko hondartzako irteera osagarria. Fase honetan, itsas hondakinen arazoekin zerikusia duten edukiak ikertu eta lantzen dira, ikasleek erronka bereganatu eta arazoari aurre egiteko grina eta motibazioa pizteko helburuarekin. Ondoren, bigarren fasean, ikasleak tokian-tokiko proiektu-proposamenen ideiazio eta sorrera lantzen hasten dira talde txikietan, azkenik, hirugarren fasean proiektuen garapena gauzatzeko (informazio gehiago www.ihe.mater.eus). Gazteek garatutako proiektu hauek ezaugarri zehatz batzuk dituzte:
- 3 ardatz eta tipologia irekia: Murrizketa, berrerabilpena eta zabalkuntza proiektuak izan daitezke eta taldeak aukeratzen duen proiektu mota egin dezakete (artistikoak, idatzizkoak, ekitaldiak, teknologikoak …)
- Pertsonen interes eta motibazioetan zentratutako proiektuak dira.
- Haien etxe, eskola edo herrian identifikatu duten tokiak tokiko arazo konkretu bati aurre egiten diote; zigarrokinak, mikroplastikoak, plastikozko poltsak…
- Eragile ezberdinak inplikatzen dituzte kolaboratzaile edo publiko moduan; udaletxea, ingurumen elkarteak, komunikazio hedabideak, aisialdiko elkarteak….
- Etengabeko komunikazioa fisiko zein digitala proiektuen garapen fasean; www.ihe.mater.eus web-orria, sare sozialak, irratian, kartelak…
Erraz esaten da, baina 2018tik Euskadiko 35 eskola ezberdinetako 1970 ikaslek parte hartu dute U.Dko honetan 400 proiektu aurrera eramanez.
2022-23 ikasturte honetan zehar Gipuzkoako 9 zentroetako 3.DBHtik 2.Batxilergora bitarteko 400 ikasle baino gehiagok itsas hondakinen arazoari aurre egiteko tokian tokiko 100 proiektu baino gehiago garatu dituzte, ingurumenaren zaintzako ekintzaile izanik eta aldaketaren protagonistak direla frogatuz. Ikasturte amaieran, ikasleen lana eta inplikazioa aintzatetsi nahian, proiektuen txapelketa gauzatu dugu eta horretarako itsas hondakinen ikerketan eta hezkuntza proiektu berritzaileetan erreferenteak diren eragileetako profesionalez osatutako epaimahai izan dugu.
Proiektuen epaimahaiak lan gogorra izan du aurten sortu diren 100 proiektu hauek arretaz ebaluatzeko eta denen artean 10 proiektu finalistak zeintzuk diren ikusteko. Benetan harrituta geratu dira aurten atera diren proiektuengatik: kalitatearengatik, murrizketa proiektu asko atera direlako (plastikozko poltsak, botilak, eskolako tipex eta boligrafoak, azukre monodosiak), herriko eragile ezberdin asko inplikatu dituztelako (aitonen egoitzak, jatetxe eta kafetegiak, kirol elkarteak, udaletxea …), komunikazioari indar piloa eman diotelako (kartelak, web-orriak, podcastak, triptiko banaketa, herriko aldizkariak …). Hauexek dira 10 proiektu finalistak:
Eta MATEReko lan taldearen partez zer esan, hunkitu egiten gara urtero aurrera eramaten dituzten proiektuengatik, horien atzean ikasle eta irakasleen lana eta inplikazioa ezinbestekoa delarik, benetan oso harro egoteko modukoa. Aurten gainera, MATERren mentzio berezia izan duen proiektu bat sarituenen artean agertu da, Arantzazuko Ama BHIko BIWI proiektua ( https://biwi.mozellosite.com/). Gazte hauek proiektuan jarritako esfortzu eta lana izugarria izan delako, zabalkuntza lana ikaragarria izan delako eta gainera eragile piloa inplikatu dituztelako, zorionak benetan!
Ekainak 22an, proiektu finalistetako zentro ezberdinetako ikasleak bildu genituen MATERren amaiera ekitaldi bat ospatzeko. Ekitaldi honen helburua, proiektu finalisten ikasleak ahalduntzea, haien lana aintzatestea, ikasleak elkar ezagutzea eta arratsalde polit bat elkarrekin partekatzea izan zen. Ikasleek haien proiektuak aurkeztu zituzten, epaimahaiak diplomak entregatu eta itsas hondakinen arrantza irteera batez gozatu genuen denon artean.
Jarrai gaitzazu