2018ean MATERek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gazteei zuzendutako “ITSAS HONDAKINEN ERRONKA: Gazteak aldaketaren protagonistak” hezkuntza proiektu berritzailea jarri zuen martxan. Gazteak ahaldundu nahi dituen proiektu honen helburu nagusia, beraiek sortu eta diseinatutako proiektuak beraien herrian aurrera eramatea da, hondakinen murrizketan eta prebentzioan protagonistak bihurtuz eta haien komunitateko ingurumenaren zaintzan inplikatuz.

Proiektua sortu zenetik, 2000 ikasle baino gehiagok parte hartu dute, itsas hondakinen arazoari aurre eginez, tokian tokiko hobekuntzak ekarri dituzten 500 proiektu ezberdin garatuz Pasaia, Lezo, Errenterian, Donostia, Tolosa eta Astigarragan.

Inpaktu eta sormenezko urtea

Ikasturte honetan Gipuzkoako 9 ikastetxeetako 400 ikasle baino gehiagok itsas hondakinen arazoari aurre egiteko tokian tokiko 107 proiektu garatu dituzte, ingurumenaren zaintzako ekintzaile izanik eta aldaketaren protagonistak direla frogatuz. Proiektu horiek, irtenbide berritzaileak bilatzeaz gain, komunitatearen artean ingurumen-kontzientzia sustatzen dute, eta tokiko hainbat eragile inplikatuz, hala nola, udalak, kafetegiak, kirol-klubak eta saltokiak.

Gazteen ahalegina eta dedikazioa ez dira oharkabean pasa. Itsas hondakinen ikerketan eta hezkuntza proiektu berritzaileetan erreferenteak diren pertsonez osatutako epaimahaiaren bidez (EHU, PIE, AZTI, Kutxa Fundazioa, Impact Hub, Surfrider eta irakasleak) proiektuak baloratu eta 10 hoberenak saritzen baitute.

Proiektu eredugarriak

Pasaiako Juanba Berasategi aretoan amaiera ekitaldi hunkigarria antolatu genuen eta ikasle,  eskola komunitate zein udaletako ordezkariekin non ikasleek beraien lana partekatzeko aukera izan zuten.

  • Pasaia Lezo Lizeoa: “Mundua lagundu dezagun” liburuaren sorrera eta “Plastikoekin eskulanak” egitasmoa, plastikozko hondakinen berrerabilpena sustatzeko tutorialez eta tailerrez osatua.
  • Tolosako Laskorain Ikastola: Eskola sarituena izan dira 4 proiektu irabazlerekin. Plastikozko yogur poto monodosiak gutxitzeko kanpaina eta @Kai_Wax, parafina ekologikoa eta biodegradagarria sustatzeko proiektua. 
  • Errenteriako Telleri Alde Ikastetxea: “Guztion erreka guztion erronka” proiektuaren bitartez Oiartzun ibaian hondakin bilketa parte-hartzailea antolatu zuten herrian baita informazio puntu bat sortu eta herritarrei informazio hedatu ere. 
  • Astigarragako Arantzazuko Ama: Aipamen berezia “Ekobrik” eta “Kirolplastik” ekimenei, hondakinak sentsibilizazio tresna bihurtzen dituzten eta plastikoen erabilera salatzen duten proiektuak hurrenez hurren. 
  • Donostiako Zurriola Ikastola:Ekodog” proiektua, txakurrentzako lepokoak plastikozko tapoi birziklatuekin egiteko.

Etorkizuna gazteetan eskuetan dago

Gazteek egiten dituzten proiektuek harritu eta hunkitu egiten gaituzte urtero. Beren komunitateetan benetako aldaketen protagonista izateko gai direla erakusten duten proiektuak garatzen dituzte, beren komunitate osoa aho zabalik utziz. 

Hezkuntza-proiektu berritzaile hau MATER jardunaren baitan jasotzen da, eta interesa duen edozein ikastetxek bat egin dezake datorren ikasturtean. Eman diezaiegun etorkizun jasangarriago bat sortzeko aukera, sinets dezagun haiengan eta utz diezaiegun sortzen.

Ezagutu sakontasun gehiagorekin ikasturte honetan zehar sortutako proiektuak eta inspira zaitez.!🌊♻️