2024 bidaia ederra izan da, bereziki Jaizkibel-Uliako ingurumen egoeraren jarraipenean parte hartu dugunontzat.

COASTWATCH europar proiektuaren bitartez garatutako AZTERKOSTA egitasmoan parte hartu dugu 22. urtez. Proiektu honek herritarren parte-hartzea eta ingurumen-hezkuntza sustatu, eta gure kostaldeko ingurunea gertutik ezagutzeko eta kontserbatzeko aukera ematen digu.

Kostaldea Ikertzen: Zientzia eta Ekintza

“Kostaldea Ikertzen” proiektua ez da soilik ekimen zientifiko bat; gure naturarekin konektatzeko, ulertzeko eta zaintzeko gonbidapena da. 2024an, egitasmo honek gure kostaldeko ingurunearen edertasuna eta aniztasuna babesteko grina bera duten pertsonak elkartu ditu.

Udazkenean zehar, 6 jarduera egin ditugu, horietatik 5 Jaizkibelen eta 1 Ulian. Uraren kalitateari eta itsas biodibertsitateari buruzko datuak biltzetik, espezie inbaditzaileak identifikatu eta hondakinen jarraipena egiteraino. Ekintza bakoitza gure planetarekiko maitasun ekintza bat izan da. Izan ere, badakigu keinu txiki bakoitza garrantzitsua dela eta komunitatean ezberdintasuna markatu dezakegula.

Etorkizun oparoa

Ilusioz eta konpromisoz lan egiten jarraitzen dugu gure itsasertza babesteko. 68 pertsonen eta 4 eragileren parte-hartzeari esker, uraren kalitateari, biodibertsitateari eta itsas hondakinen presentziari buruzko datu baliotsuak bildu ditugu 6 jarduera ezberdinetan.

Guztira 120 kg hondakin bilduditugu, hau da, 2586 item, beste behin ere gure lanaren garrantzia erakutsiz eta gure kostaldearen metaketa puntu beltzaren izaera berretsiz. Gainera, funtsezko espezieak identifikatu ditugu, hala nola Armeria Euscadiensis euskadiko itsas krabelina eta Actitis hypoleucos kulixka txikia, eta fenomeno naturalen lekuko izan gara, hala nola Felimare cantabrica nudibrankioa eta Aplysia fasciata itsas erbia ikusi ditugu.

Erresilientzia eta erronka berriak mundu aldakor batean

Azken bi hamarkadetan, gure itsasertzak izan duen bilakaeraren lekuko izan gara, erronkei aurre eginez eta suspertzeko gaitasun handia erakutsiz. Prestige-ren istripu tragikoak aztarna ezabaezina utzi zuen gure paisaian, baina pertsona askoren ahaleginari esker, pixkanaka natura nola birsortzen den ikusi dugu. Iraganeko orbainak oraindik agerian dauden arren, itsas bizitza berriro loratu da gure kostaldean.

Hala ere, erronka berriak sortu dira azken urteotan. Klima aldaketa gure kostaldeko ekosistemak aldatzen ari da, eta horrek uraren tenperatura igotzea eta itsas espezieen banaketan aldaketak eragiten ditu. Gure ekosistemarentzat funtsezkoa den Gelidium corneum alga gorria desagertzen ari dela ikusi dugu, eta ur beroetako beste espezie berezkoago batzuk, itsas trikuak kasu, agertzen ari direla. Gainera, plastikoek eragindako kutsadurak etengabeko mehatxua izaten jarraitzen du. Gure garbiketa-jarduerek agerian utzi dute kala batzuk, hala nola Alabortza eta Azabaratza, itsas hondakinak metatzeko gune beltz bihurtu direla. Erronka horiek gorabehera, lanean jarraitzen dugu gure itsasertza babesteko eta etorkizuneko belaunaldientzat etorkizun jasangarria bermatzeko.

Ingurumen-hezkuntzaren garrantzia

Erronka horiei aurre egiteko, funtsezkoa da ingurumen hezkuntza sustatzea (Urtarrilaren 26an nazioarteko eguna). Gizartea bere ingurunearekin konektatzea eta ezagutzaren eta naturarekiko maitasunaren bidez bere zaintzan inplikatzea du helburu. Honekin batera, ezin dugu ahaztu urtero ekimen honetan parte hartzen duten eta otsailaren 11n aldarrikatzen ditugun emakume eta neska zientzialariak ikusaraztearen garrantzia.

Itsasoarekin bat 

Gure kostaldea zaintzeko dugun konpromisoa inoiz baino sendoagoa da. Mundu guztia gonbidatzen dugu, MATERekin bat egitera, aurrean dugun erronka izugarri honetan. Urtarrilaren 26an (10:00etatik 12:00etara) eta otsailaren 23an (11:00tatik-13:00etara) itsasoa zaintzeko aukera duzu, Alabortzako Itsas Hondakinen Bilketetan parte hartuz, San Juanen.