Uztailan zehar MATER Ontzi Museo Ekoaktiboan, helmuga fisikoaz haratago doan helburu baterantz nabigatu dugu: gure kontsumitzeko moduak berpentsatu eta plastikoaren aztarna murrizteko asmoz.

ZERO ZABOR URETAN 2025 kanpainaren barruan, “Plastikorik Gabeko Konpromisoa” ekimenarekin bat egin dugu, Free Plastic July nazioarteko proposamenaren baitan. Benetako esperientzia bizia izan da, non aldaketa egunero sukaldatu den, literalki, itsasontzian bertan.Uztaila MATERentzat urteko unerik egokiena da: Euskal kostalde osotik itsas zeharkaldiari ekiten diogun garai honetan, itsaso osasuntsu baten aldeko ekintza errealak egiteko aukera ezin hobea dugu. Izan ere, jasangarritasunaz hitz egitea ez da nahikoa —bizitu, esperimentatu eta egunero hobetu behar dugu.

Nola bizi izan dugu erronka ontzian

25 egunez, MATERreko tripulazioa eta kanpainako boluntarioak —egunean 8-10 lagun— elkarrekin bizi izan gara ontzian. Zortzi portu bisitatu ditugu mendebaldetik ekialdera: Bilbo, Portugalete, Bermeo, Ondarroa, Mutriku, Getaria, Hondarribia eta Pasaia; portu bakoitzean harrera beroa jasoz.

Elkarrekin jan, lo egin, barre egin, ikasi, igeri egin eta abestu ere egin dugu. Oso egun bereziak izan dira.

Erabaki estrategikoetako bat elikadura begetariano eta beganoa hautatzea izan da: planetaren eta gure osasunaren aldeko apustu irmoa. Eta, noski, helburu nagusia garbi izan da: erabilera bakarreko plastikoak saihestea.

Horretarako, logistikako eta sukaldeko taldeak erronka handia izan du: ontzia elikagaiez hornitzea ahalik eta modu jasangarrienean, tokiko eta freskoak diren produktuak hautatuz, granelean saldutakoak eta plastikoan ontziratutako produktuak baztertuz.

Portu bakoitzean egonaldiaren ostean, boluntarioek sortutako plastiko hondakinak aztertu dituzte, ez errudunak bilatzeko, baizik eta ikasteko helburarekin:

  • Zein hondakin sortzen ditugu konturatu gabe?
  • Zein saihestu zitezkeen?
  • Zein alternatiba ditugu eskuragarri?

Hausnarketa hauek etengabeko hobekuntza-prozesu baten parte izan dira. Izan ere, kontzienteki kontsumitzea ez da helmuga bat, bidea egitea da.

Plastiko gutxiago, planeta gehiago

Aste hauetan ikasi dugun gauza bat oso argi geratu da: erabilera bakarreko plastikoak ez direla ezinbestekoak. Baina itsaso garbia, aire garbia eta lur emankorra bai, hauek badira ezinbestekoak. Eta horiek gure eguneroko erabakien araberakoak dira: Erosketak egitean, ogitartekoa prestatzean, errazena ala jasangarriena aukeratzen dugunean…

Horregatik, plastikoaz harago, erronka honek gure kontsumo ereduen inguruko gogoeta sakona ekarri du:

  • Hurbileko produktuak, aztarna ekologikoa murrizteko eta tokiko ekonomia indartzeko.
  • Sasoiari egokitutako elikagai ekologikoak, lurra eta bere zikloak errespetatzeko.
  • Haragi gutxiago, landare gehiago, haragi prozesatu gutxiago.
  • Eta, jakina, bilgarri eta plastikorik gabe.

Emaitzak benetan harrigarriak izan dira. Kontuan hartu, 25 eguneko kanpainan 37 lagun elkartu garela, eta gauero, batez beste, 8 pertsona itsasontzian egon garela. Edukiontzi horirako sortutako hondakin guztira 391 izan dira. Asko dirudien arren, badakizue etxe arrunt batekin alderatuta kopuru txikia dela. Esperientzia honek hainbat ikaskuntza utzi dizkigu: gure landare-esnea etxean egitea, edariak formatu handiagoetan hartzea eta gure fajita edo taloak, osagai solteekin sukaldatzea. Ez da zaila, ezta?

Plastikorik gabeko (eta zentzuz beteriko) bizitzarako aholkuak

Hemen dituzu etxean aplikatzeko moduko gomendio praktiko batzuk, guk ikasitakoak, zure familian kontsumo arduratsu eta plastikorik gabeko bideari ekiteko edo jarraipena emateko:

  • Eraman beti oihalezko poltsak eta berrerabil daitezkeen ontziak merkatura.
  • Aukeratu fruta, barazki eta lekale solteak (granelean).
  • Erabili beirazko tupperrak edo argizariztatutako oihal berrerabilgarria, plastikozko filmaren ordez.
  • Eraman zure ontziak harategira, arrandegira edo urdaitegira.
  • Kafe bilduaren ontziak ordezkatu aleetan erosita eta ontzian bertan ehotako kafearekin.
  • Egin “hondakin auditoria” aste batez, eta bilatu maiz errepikatzen diren plastikoak: badago alternatibarik?
  • Tetrabrikak baztertu eta etxean prestatutako landare-esneak (almendra, oloa, etab.) kontsumitu.
  • PET plastikozko botilak aukeratu, esne tetrabrikak saihestuz.
  • Prestatu kontserbak etxean: antxoak, piperminak, marmeladak, tomatea, babarrunak…
  • Familia osoa inplikatu: keinu txikien batura da aldaketa handia.

Gonbidapen irekia

Plastikorik Gabeko Konpromisoa ez da kanpainarekin amaitzen. Hemen hasten da, lurrean, gure etxeetan.

Zeren, ontzi batean, espazio, denbora eta baliabide mugatuetan, kontsumitzeko moduak birpentsatu baditugu… Zer lortu genezake ariketa hau etxean egingo bagenu?

Erronka ez da perfekzioa lortzea, bidean egotea baizik.
Erosketa bakoitzak badu garrantzia.
Ekiditako hondakin bakoitzak kontatzen du.
Keinu bakoitzak, txikia bada ere, planetak behar duen aldaketa kolektibora bultzatzen gaitu.

Eman izena Plastikorik Gabeko Konpromisoan zure etxetik ere.