Pasaiako herriak hainbat sekretu eta bitxikeria gordetzen ditu. Berez, herri xelebrea da, bi mendien magalpean kokatutakoa eta herriaren erdian plaza bat izan beharrean badia bikain bat duena. Itsasoari lotutako herria, aspaldidanik arrantzarekin, ontzigintzarekin eta nabigazioarekin harreman estua duena.
Izan ere, zer litzateke Pasaia itsasorik gabe, zer lirateke euskal kostaldeko herriak arrantzarik gabe edo zer litzateke euskal itsasoa herri arrantzalerik gabe.
Pasaiak garai desberdin asko pasa izan ditu, baina, esanguratsuenetakoa bakailaoaren arrantzaren gorakada izan zen. Garai hartan, diotenez, badiako zenbait lekuetan alde batetik bestera pasa zitekeen ontziz ontzi! Famatua izan zen Pasaia arrantzaren portua izateagatik 70eko hamarkadan. Honen gainbehera, ordea, laster iritsi zen eta 200 ontzi inguru aritu ziren garaitik, gaur egungo 2 bakailao ontzi izatera iritsi gara. Nabaria da arrantzaren ustiapenak ezin zuela erritmo hori jarraitu.
Pasaiako portuko urak garai haietan baino lasaiago daude, nabarmen, baina Pasaiak bere garrantzia izateari eusten dio oraindik arrantzaren munduan nahiz eta ez izan halako ikusgarritasunarekin. Are gehiago, ia ezkutuan mantentzen duela esan dezakegu: arrainaren salmenta lonjaren barruan.
Eta zergatik ezkutuan? Lonjan, arrainaren erakusketa eta salmenta goizeko 6ak aldera egiten baita eta bertara arrantzaleak, bertako langileak, saltzaileak eta erosleak baino ezin baitira sartu. Ba al zenekien 2020. urtean 485.000 tona arrain pasa zirela bertatik?
Lonja hau erreferentea da estatu mailan legatz salmentarengatik, baina, paradoxikoki, lonjara iristen den arrain kopuruaren ehuneko handiena errepidez edo hegazkinez iristen da; izan ere, estrategikoki kokatuta dago, Europarekin eta gainontzeko estatuarekin errepidez konexio ona duen leku batean, eta beraz, saltzaile askok zuzenean arraina hona lehorretik ekarri eta bertan saltzea erabakitzen dute.
Gipuzkoako gainerako lonjetan, gehien bat antxoa, txitxarroa, berdela, sardina eta hegaluzea saltzen den bezala, Pasaiako lonjan, arte txikiekin, (gaztelerazko ‘artes menores’) harrapatutako hainbat eta hainbat espezie desberdin aurki ditzakegu. Horietako asko, gutxi ezagutzen direnak eta balio gastronomiko handikoak. Honek ere balio handia gehitzen dio lonja honi.
Arrantzaren mundua nahiko mundu ezezaguna da bertan lan egiten ez dutenentzat, nahiz eta herri arrantzale batekoak izan. MATERen eskutik, eta Kofradia Itsas Etxearekin elkarlanean ezagutzeko aukera duzu orain. Animatuko zara?
Eneko Sarasua
Jarrai gaitzazu