Ikaragarria izan da aurtengo Pasaia Itsas Festibala! Maiatzaren 26tik 30era Pasaiak 135.000 bisitari baina gehiago jaso ditu itsas kultura eta ondarea balioan jartzeko borondatea duen jaialdiak. Atzerritik iritsitako ontzi handi eta ikusgarriak zein txiki eta miresgarriak gonbidatu dira, hauek bisitatzeko eta hauekin partekatu dugu gure etxea den Pasaiako portua.
Jaialdiak iraun duen 4 egunetan zehar MATER Trintxerpen izan dugu eta 2000 lagunetik gora izan dira ontzia bisitatzen. Bisitariek ontzia bere osotasunean bisita libre eran gozatzeko aukera izan dute, baita ekitaldi honetarako espresuki sortutako Bitakora Kaiera eskuan hartu eta ontzian zehar kokatutako EKIN! probak eginez ere. Azken honen helburua bisitariak, MATERen alderdi ekoaktiboaren bitartez, ingurumenaren ezagutzan eta zaintzan kontzientziatzea zen, pertsonak Itsas Zaindari bihurtzeko asmoarekin.
Larunbat arratsaldean, hilabeteetan zehar herriko eragile ezberdin ugarirekin (Adinkide elkartea, Karmengo Amako eskola, Goyeneche Fundazioa, Udaleko Berdintasun saila…) garatutako prozesu parte hartzailaren fruituak jaso genituen. Itsas Zaindari Martxa ospatu genuen, birziklatutako materialekin egindako batukadaren erritmoan, Biodibertsitate Dama, Zabor Monstruoa eta herri osoa dantzan jarriz.
Martxa honen helburua bikoitza zen. Alde batetik, herriko pertsona eta eragile ezberdinen inplikazioa bilatzea, haiek ere MATERen balore eta konpromezuekin bat egin zezaten. Eta behin hau lortuta, Pasaia Itsas Festibalean ingurumenaren zaintza mezuak zabaldu eta ekiteko beharra aldarrikatzea. Eta hala egin genuen. Askotariko bisitariak eta bizilagunak batu zitzaizkigun, aldarrikepen eta festa giroan mezuekin bat eginez.
Guzti hontaz haratago, MATERek aurten Itsas Zaindari Txokoa izan du ere. Txoko honen helburua Seabin Pasaia bezalako itsasoaren zaintzan eragiteko proiektu propioak ezagutaraztea zen. Honekin batera, umeek, eta ez hain umeek, itsas hondakinekin dugun erronka handi hau ezagutzeko jokoak izan genituen, jolas zein sentipenen bidez ikasteko.
Baina guzti hau ez zen posible izango aurtengo jaialdian laguntzera hurbildu diren boluntarioengatik izan ez balitz. Beren denbora eta pasioa eskaini diote MATERi zein bisitan etorritako guztiei eta ikaragarri eskertzen dugu hori. Geroz eta gehiago gara MATER komunitatea osatzen dugunak eta horrek ikaragarri pozten gaitu.
Bihotza maitasunez bete diguzue eta indartsu gaude udarari aurre egiteko!
Jarrai gaitzazu