Denok sentitu dugu ezintasuna ur gainean plastikozko zati bat edo hondartzan botila bat ikustean. Itsasoko kutsadura mundu mailako arazoa da, baina bere konponbidea eguneroko keinu txikiekin hasten da. Euskal kostaldean, bizitzaren, kulturaren eta ekonomiaren iturri den Kantauri itsasoa babesteko, ekintza bakoitza ezinbestekoa da.

itsas hondakinak biltzea ingurumena laguntzeko modu erraz eta zuzena da, baina hori segurtasunez eta arduraz egin behar da. Ez da soilik hondakin bat jasotzea, gure ekintzek arazo gehiago ez sortzea edo gure burua edo ekosistema arriskuan ez jartzea baizik.

Egoera ebaluatu ekin aurretik

Edozein hondakin jasotzeko, egoera segurua dela ziurtatu behar da. Igerian ari bazara eta plastikozko zati bat gertu ikusten baduzu, jaso dezakezu, betiere kostaldetik gehiegi urruntzen ez bazara eta korronte arriskutsuei aurre eginteko beharra ez baduzu. Itsasontzian, paddle surf-ean edo kayak-ean bazaude, egonkortasuna mantentzea garrantzitsua da, eta ahal bada, pala, sare edo kizki (Makil luzea, mutur batean punta eta kako burdina duena, eta ontzi txikietan atrakatzeko, atrakatzeko eta beste erabilera batzuetarako balio duena) batekin jasotzea komeni da, eskua uretan sartu beharrean.

Hondakina toki zailean badago, esaterako, labar baten ondoan, arroketan edo ur zakarretan, ez da arriskatzea komeni. Horrelako kasuetan, kokapena apuntatzea eta agintariei edo hondakinak modu seguruan kudea ditzaketen erakundeei jakinaraztea da egokiena.

Erabili babes-ekipamendua ahal den guztietan

Itsasoko hondakin batzuk arriskutsuak izan daitezke, ertz zorrotzak dituztelako, substantzia toxikoekin kutsatuta egon daitezkeelako edo uretan denbora luzez egon direnez hondatuta egon daitezkeelako. Neoprenozko, lorazaintzako edo lanerako eskularruak erabili hondakinak biltzeko. Eskularrurik ez baduzu, hondakinak makila, pala edo beste edozein objekturen laguntzaz manipulatu.

Hondakin susmagarria aurkituz gero, esaterako, likidoz betetako ontzi bat, substantzia kimikoak dituen pote bat edo bestelako material ezezagun bat, ez ukitu. Kasu hauetan, hoberena 112aren bitartez egoeraren berri ematea da. 

Eta hondakina oso handia bada?

Batzuetan, itsasoan aurkitzen ditugun hondakinak ezin dira laguntzarik gabe jaso. Arrantza-sare abandonatuak, pneumatikoak, ontziak, edukiontziak edo plastiko handiak oso astunak izan daitezke edo itsas hondora itsatsita egon daitezke. Halakoetan, ez da gomendagarria tresna egokirik gabe uretatik ateratzen saiatzea, arriskutsua izan baitaiteke.

Hondakin handi bat aurkituz gero, bere kokapena (koordenatuak) apuntatzea komeni da. Nabigazioarentzako arriskutsua bada, irrati bidez 09 edo 16 kanaletan “PAM PAM” mezu bat bidaltzea gomendatzen da beste ontziei ohartarazteko. Zure koordenatuak ontziaren GPSan, Navionics bezalako app nautikoetan edo google maps-en lor ditzakezu 3 segundoz zure kokalekuaren gainean sakatuz.

Garrantzitsua da “Salvamento Marítimori” (VHF 16 kanala) edo inguruko agintariei abisatzea: Sorosleak, Ertzaintza, Guardia Zibila… Hau guztiei ere 112 zenbakiaren bitartez. 

Nola garraiatu eta baztertu bildutako hondakinak

Uretatik hondakin bat jasotzen baduzu, lehorrera iristean behar bezala baztertzea garrantzitsua da. Plastikoak, latak eta bilgarriak edukiontzi horian utzi behar dira; papera eta kartoia, lehor badaude, edukiontzi urdinean (bustita badaude, frakzio-hondakinen edukiontzian). Beira edukiontzi berdean utzi behar da, eta hondakin arriskutsuak, hala nola, pilak, olioak edo substantzia kimikoak, garbigune batera eraman behar dira.

Kontuan izan behar da plastiko mota eta bere egoeraren arabera birziklatzeko moduan egon daitekeela edo frakzio-hondakin gisa bota beharko dela. Itsasoan denbora luzez egon diren plastikoek eguzkiaren, gatzaren eta uraren eraginez egitura aldatu dezakete, eta birziklagarritasunean eragin.

Arrantza-sare edo tresna abandonatuak aurkituz gero, euskal portu batzuetan horiek birziklatzeko edukiontzi bereziak daude. Kasu horietan, hoberena gertuen dagoen Arrantzaleen Kofradiari galdetzea da, behar bezala non utzi jakiteko.

Ekintza ohitura bihurtu

Gaur hondakin bat jasotzea ondo dago, baina ohitura bihurtzen badugu, eragina askoz handiagoa izango da. Hondartzara, kayak edo paddle surf egitera goazenean beti poltsa berrerabilgarri bat eramatea prest egoteko modu erraza da. Lagunak eta familia ekintza hauetan inplikatzeak jende gehiago kontzientziatzen laguntzen du eta eragin positiboa handitzen du.

Antolatutako garbiketa-ekintzetan parte hartzea beste modu bikain bat da laguntzeko. Euskal kostaldean, hainbat elkartek hondartza eta portuetako hondakinak jasotzeko ekintzak antolatzen dituzte, ingurumen-hezkuntzarekin uztartuz. Ekimen hauek itsas kutsaduraren arazoa hobeto ezagutzeko eta ingurumenarekin konprometitutako pertsonak ezagutarazteko aukera ematen dute.

Non jakinarazi itsas hondakinari buruzko informazioa

Gure kostaldeetan ohiko hondakin metaketa-puntuak identifikatuz gero, komeni da MATER edo ITSAS ZAINTZA SAREA bezalako erakundeekin harremanetan jartzea eta ahal den neurrian garbiketa-ekintza bat abian jartzea. Horrez gain, Marnoba bezalako aplikazio digitalen bidez itsas hondakinak erregistratu eta kudeaketa hobetzeko datuak bildu daitezke.

Ekin eta izan aldaketaren protagonista

Uretan hondakinak aurkitzen dituzun hurrengo aldian, gogoratu positibkoki eragiteko. Keinu bakoitzak, txikia badirudi ere, itsasoaren babesean eragin zuzena du. Hala ere, gogoratu jarduteko modurik onena murrizketa dela. Hondakinak biltzeko erabiltzen dituzun esku berberekin, lehenago edo geroago zaborra izango den produktu hori kontsumitzea edo ez erabakitzea zure esku dago.

ingurumenaren egoerarekiko sentikorrak diren pertsonekin komunitatean jardun nahi baduzu, eman izena MATERen itsasoko edo lehorreko hondakinak biltzeko hurrengo jardueretako batean.