Jaizkibel-Uliako itsasertzeko itsas hondakin jarduera batean parte hartzen duzuen bakoitzean, Alabortza senadimaitean hilero egiten ditugun bilketa herrikoietan, edo MATER ontzian itsasoratzen garenean, ehunka plastiko biltzen ditugu itsasotik. Ur gainazaleko plastikoak gure eskuekin biltzen ditugu, itsasoan dauden plastiko guztien zati txiki bat bakarrik kentzen dugula jakinda, eta askotan galdetzen diguzue: eta gero zer egiten duzue plastiko horiekin guztiekin? Itsasoko plastikoek hamarkadak eman ditzakete itsasoan, eta denbora horretan guztian degradatuz joan dira, ezaugarriak aldatuz eta kolonizatu dituzten gehigarri kimiko eta fauna eta flora berriak hartuz, oraindik ere birziklatzea zailtzen duten gertaerak.

Horregatik, aspaldi hasi ginen MATERen itsas plastikoak gordetzen, bigarren bizitza bat emateko modua bilatzeko asmoz, sentsibilizatzeko eta  kontzientziak  eraldatzeko baliabideak sortzeko. Argi daukagu plastiko gutxiago erabili behar dela, gure ohiturak aldatu behar direla plastikoa itsasora iristen jarrai ez dezan, baina dagoen guztiarekin zerbait egin behar da! Eta hortik sortu zen Biribil proiektua! Ainhoa Garmendia diseinu-ingeniaria eta Tabakalerako Precious Plastic taldea ezagutu genituen, eta esan ziguten hiri-plastikoen artisau-birziklapenean esperimentatzen ari zirela.

Lankidetza horrekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren laguntzari esker, aurtengo udaberritik proiektu honen hainbat fasetan aritu gara lanean; Tabakalerako Medialabeko makinak eta gure bildumako hainbat itsas plastiko, arrakastekin eta porrotekin probatuz, nola jokatzen duten ulertzeko, plastiko birziklatuko produktu posibleak diseinatuz.  Ibilbide luze horren ondoren, itsasoko plastikoei bizitza berria emateko lehen errezeta lortu dugu. 

Joan den asteko marea biziko goiz batean, 26 kg itsas  hondakin jaso genituen Herria Ametsako Bigarren Hezkuntzako 50 neraberekin; elikagaien bilgarriak, lastotxoak, makilatxoak, plastiko degradatuen zatiak eta bestelako plastiko ugari. Bildutako plastikoak, MATERera eraman genituen, bigarren saio batean, ontzi barruko tailerrean objektu berrietan bihur zitzaten. Lehenik eta behin, gogokoen zituztenak aukeratu zituzten, errezetaren araberako plastikoen sandwich-a sortzeko. Ostean, lamina konpaktu original eta sormenezkoak sortzeko urtu zituzten estanpagailuan eta hortik belarritakoak, giltzatakoak eta pinak sortu zituzten ITXAROPEN TANTA eran. Ozeanoko malkoak dira, bertan dagoen plastiko ugariagatik negarrez ari baita. Laster arrain baino plastiko gehiago egongo da!… baina orain itxaropen tantak dira, pertsonek planeta garbi eta osasuntsu bat eraikitzeko duten boterea irudikatzen baitute. Gogorarazten digute Lurrak behar duen aldaketa guztiongan dagoela, zuk zaborra bildu dezakezula, ez bota, kontsumoa murriztu, berrerabili, eta zure gogoa kutsatu!

Prozesu hau ezagutu eta zure itxaropen tantak sortu nahi dituzu? Itsasoko Plastikoak Biziberritzen tailerrean parte hartzera gonbidatzen zaitugu, gure jardueren agenda kontsultatuz.

Sara Lizarza