MATERen argi daukagu: aldaketa lurrean hasten da, eta belaunaldi gazteen eskuetan dago norabidea. Horregatik, zortzi ikasturte daramatzagu harro-harro gure hezkuntza-proiektua bultzatzen: “Itsas hondakinen erronka: Gazteak Aldaketaren Protagonistak”, sentsibilizatzeaz gain, DBHko ikasleak beren herrietan eta auzoetan eraldaketa eragile bihurtzeko gaitzen duen ekimena.
2018an sortua, proiektu berritzaile honek urtez urte egin du gora, eta dagoeneko 2.700 ikasle baino gehiago parte hartu dute, 587 proiektu garatuz Gipuzkoako hainbat herritan. Pasaia, Lezo, Errenteria, Donostia, Tolosa eta Astigarragako gazteek, tokiko ikuspegitik itsas hondakinen arazoari aurre egiteko egin dute lan, proposamen erreal eta ekintza zuzenekin.
Gazteei aukerak ematen zaizkienean, ez dute soilik erantzuten: benetako aldaketa motore bihurtzen dira.
2024-2025 ikasturtea: 80 proiektu, 6 ikastetxe, 300 gazte konprometitu
Ikasturte honetan, proiektuaren zortzigarren edizioak 6 ikastetxetako 300 ikasle baino gehiago izan ditu partaide. Guztira, 80 proiektu garatu dituzte, ikasleek eurek diseinatu eta gidatuak, itsas hondakinen arazoari tokiko ikuspegitik aurre egiteko.
Baina ez dira gelan geratu: kalean aritu dira, komunitatea inplikatu dute, harremanetan jarri dira merkatariekin, udalekin, kirol klubekin, kafetegiekin, bertsolariekin… Eta batez ere, frogatu dute sormena, konpromisoa eta ingurumenarekiko sentsibilitatea emaitza oso aberasgarriak lortu ditzaketela.
Aurkeztutako proiektu guztien artean, arlo desberdinetako adituek osatutako epaimahaiak (EHU-UPV, PIE, AZTI, Kutxa Fundazioa, Surfrider Foundation, Impact Hub Donostia…) 10 proiektu berritzaileenak eta eraginkorrenak aukeratu ditu. Ez dute lan erraza izan: kalitateak, komunitatearen parte-hartzeak eta komunikazio gaitasunak harritu egin dituzte eta.
Kartelak, bideoak, webguneak, triptikoak, aldizkariak, sare sozialen bidezko kanpainak… ahalegina handia izan da, eta emaitza, ikusgarria.
Ideiatik ekintzara: aztarna uzten duten proiektuak
Ekainaren 20an, Pasaiako Lonjako areto nagusian ospatu zen ekitaldi hunkigarrian, ikasleek, irakasleek, familiek, epaimahaikideek eta udaletako ordezkariek proiektu finalisten eragina zuzenean ezagutzeko aukera izan zuten.
Hona hemen adibide esanguratsu batzuk:
ERRRENTERIA
- “Ze tela, zenbat goxoki”: 400 ehunezko poltsa sortu eta banatu dituzte gozoki-dendetan, plastikozko erbilera bakarreko plastikozko poltsak ordezkatzkeko.
- “Ekokafesnea”: hainbat tabernak azukre monodosiak kendu eta ontzi handiko formatura (granelera) aldatu dira, sentsibilizazio-kanpaina batekin batera.
ASTIGARRAGA
- “Hilabetero garbiago”: Emakumeen etxearekin eta jostunekin batera konpresa oihalezko konpresa berrerabilgarriak sortu eta saldu dituzte.
- “Berrerabilpen merkatua”: poliespanez egindako belarritako artistiko eta jasangarriak sortu eta saldu dituzte, zientzia eta artisautza uztartuz.
- “Nemre”: fast fashion-aren aurkako erakusleihoak, arropa birziklatuz sortutako manikiekin eta mezu informatiboekin osatuak.
- “Zabor artean bertsoa garbi!”: Agin Laburu eta Nerea Elustondoren bertso-saioa, kontsumoaren eta ingurumearen inguruko gogoetarekin.
TOLOSA
- “Bigarren bizitza”: Dagoeneko erabiltzen ez diren jantzien oihalen berrerabilpena telazko poltsa berriak sortzeko.
- “Jaboi ekologikoa”: erabilitako olioarekin eta mikroperlarik gabe egindako xaboiak sortu eta banatu dituzte.
- “Goxo-eko”: ontzirik gabeko eta osagai naturalekin egindako gominolen ekoizpena. .
PASAIA
Pasaia-Lezo Lizeoak herritar zientzia, sormena eta musika batzen dituen proiektu bat:
- “Mikroplastikoen musika”: Hondartzan bildutako mikroplastikoekin marakak sortu dituzte, tailer batzuen bitartez. Hauek gaur egun eskolako musika saioetan erabiltzen direlarik.
Zirkulua ixteko: gazteak MATER ontzian
Edizio honi amaiera emateko, saritutako ikasleek MATER ontzian itsas hondakinak arrantzatzeko irteera batean parte hartu zuten. Esperientzia hunkigarria eta esanguratsua izan zen: zeru garbi eta itsaso barearen artean, ikasitakoa zuzenean bizitzeko aukera paregabea.
Hondakinak ukitzea eta jasotzea, lurrean egindako hilabeteetako lanaren ostean, ikaskuntza prozesua biribiltzen du, eta are gehiago sendotzen du gazte hauen konpromisoa gure itsas ekosistemekin.
Eta orain zer?
📍 Proiektu guztiak eskuragarri daude hemen: 👉 www.ihe.mater.eus
📍 Hurrengo edizioan parte hartu nahi duen ikastetxeak harremanetan jar daitezke jada MATERekin, plaza erreserbatzeko.
🗣️ “Urtero hunkigarriak dira gazteek egiten dituzten proiektuak. Aukera eta prestakuntza ematen zaienean, aldaketa erreal baten protagonistak direla frogatzen dute. Harrotasunez beterik gaude.”
– Sara Lizarza, MATER hezkuntza-proiektuaren arduraduna
Itsasoa gure auzoetan hasten da, eta bere etorkizuna oraindik ikasten ari diren horien esku dago… baina dagoeneko ekinean dabiltza. 🌊💚
Jarrai gaitzazu