Gure Itsas Gela elkarteak bi hamarkada bete ditu egun hauetan sortu zenetik. 20 urte itsasoaz eta bere jaioterriaz, Pasaiaz, maiteminduta, sutsu, lagun talde batek itsasoaren eta bere kulturaren garrantzia erakusteko ahaleginak batu zituenetik.

Izan ere, lagun sanjuandarren koadrila hau itsasoa nagusi eta oparoa zen Pasaia batean hazia zen: portua, bakailaoa, ontzi aldaratuen ilara amaigabea… Dolarraren hiria! 60ko hamarkada hartan itsasoari men egiten zitzaion. Itsasoak amaierarik gabeko abentura-eszenatoki paregabea eskaintzen zien haur haiei, esperientzia pizgarri eta motibagarrien etengabeko aliatua, non erraz aurkitzen baitzituzten hura maitatzeko eta zaintzeko arrazoiak. Eta horrela, beren salitre sustraiak urpean, ume horiek gizon, itsasgizon edo kirolari bihurtu ziren, itsaso horri errespetu eta miresmen handiz, eta pribilegio hori partekatu nahi izan zuten, hurrengo belaunaldiek ere gozatu ahal izan zezaten. Eta horrela sortu zen gure entitatea, itsasotik modu jasangarrian bizitzen jarraitzeko nahiarekin. Talde sustatzaile ausart horrek ahalegin handiz ilusio bat martxan jartzen jakin zuen, MATER arrantzontzi tradizionala ekarriz, lurtar handienari itsasoarekiko pasioa txertatzeko ahaleginarekin: itsasontzi bat, memoria bat, natura bizi bat… komunitate batean zerbait berria sortzeko nahikoa osagai baino gehiago. Eta horrela, orain, tripulazio berrituarekin, garatuz, haziz, garai eta behar berrietara egokituz joan gara. Lehenik eta behin, ontzi-museo gisa, gure ingurune hurbila ezagutu, maitatu eta kontserbatzeko tresna gisa, modu atsegin eta eskuragarrian hainbat publiko eta lankidetzarentzat. Ondoren, zentro ekoaktibo gisa, batasunerako eta eraldaketarako tresna gisa, naturarekin berriz konektatzeko itxaropena eskainiko duen mugimendu bat bultzatzeko, ingurunearen zaintzarako pertsonak protagonista bilakatuz.

Gure izaera arrotza gora-behera, ez zaigu falta gure ausardiaren errekonozimendurik. Denbora luzez asmo arraroak dituen erakunde gisa ikusiak izan ondoren, ateak itxita, zangotrabak eta gustu txarreko gainerako platerak aurkitu ondoren, gure burugogortasunari esker dagoeneko fruituak jaso ditugu bidean: sari nazionalak, hala nola, ODS14 itsasoaren sentsibilizazion edo Emakumeen Lurra saria ingurumenaren aldeko ekintza eredugarriagatik; nazioarte mailan “praktika onen” gisa onartutako proiektuak: edo gure egiteko ona aitortzen duten zigiluak, hala nola “Kode Etikoa” eta “Kalitate Turistikoaren Konpromisoa”.

Izan ere, gure entitatea zerbaitek definitzen badu, bere izaera ekintzailea da. Martxa gustuko dugu, argi dago. Norabide berri baten eraikuntzan parte hartu nahi dugu, non bizitzak ematen digunarekiko errespetua eta zaintza erdigunean egongo diren. Itsasoa, badakigu, bizi-iturria da. Eta horregatik jarraitzen dugu gure pasioa kutsatzeko irrikan, pertsona eta erakunde gehiago eta gehiago izan daitezen gure komunitatean eta tripulazioan, ideia, proiektu eta ekimen berriak eskainiz, etorkizun itxaropentsu berriak ikusten laguntzeko, non mundu guztiak tokia izan dezan. Erronka horri erantzukizunez eta konpromisoz egiten diogu aurre. 

Gaur lema daramadala, eskerrak eman nahi dizkizut aita, gure entitatearen hastapen zail haietan transmititzen jakin zenuen  irmotasunarengatik,  gaur definitzen gaituen oinarri eta arima bera dena. Milesker sanjuandarra. 

Izaskun Suberbiola Garbizu