Asko hitz egiten da aldaketaz, aldaketa hain gutxi ikusten dugun garai honetan: klima aldaketaren mehatxua, aldatzeko beharra, ohituren aldaketa… Entzun eta berehala  izutzen gaituen kontzeptu abstraktu eta subjektiboa da aldaketa. Naturalki, gure giza izaerak, erosotasuna bilatuz, beste alde batera ihes egitea bultzatzen gaitu. Erosotasun eremutik irtetea, ezagutzen eta menderatzen dugun horretatik, pertsona ausartentzat edo korrontearen aurka daudenentzat  dela  bakarrik dirudi, hainbeste behar dugun gizartearen onarpen eta babespen horietatik at. Bitxia da bizi dugun garaia, non hori aldarrikatzen duten ahotsak entzuten diren batetik, gure ohitura suntsitzaileek eramaten gaituzten etorkizunaz bestelako etorkizun bat eraikitzeko premia larri gisa, eta, bestetik, sistemak berak bultzatzen gaituen hartutako ohitura horiek mantentzera eta errepikatzera, sistema bera funtzionatzeko bide bakar gisa. “Ez erosi plastikorik”, supermerkatu guztiak plastikoz beteta dauzkagunean.

Paradoxa horren aurrean, orain inoiz baino gehiago, pentsamendu kritikoa landu behar dugu, ahots desberdinak entzun, gure ekintzei buruz hausnartu eta gure iritzirako koherenteak diren erabakiak hartzeko aukera ematen diguna, eta ez besteenak, artalde baten menpean egongo bagina bezala. Pentsamendu kritikoaren ama den zientziari entzutea lagungarria izan daiteke bide horretan. Entzun dezagun zer esaten digun azken urteotan, eta are gehiago, izan gaitezen haren parte aktibo, herritar zientziaren bidez haren metodologia bertatik bertara ezagutuz eta esperimentatuz.

MATERren aspalditik konturatu ginen herritar zientziak gure ingurunea modu praktiko eta dibertigarrian ulertarazteko balio handiko tresna zela eta, aldi berean, ikerketa zientifikoko zentroetarako hain beharrezkoak diren datuak lortzeko balio duela. Herritar zientziak aukera ematen digu, protokolo eta prestakuntza errazen bidez, herritarrek bere ingurune ezagunetan behaketa horiek jasotzeko, non tokiko herritarrek beraien bizi esperientziaren ezagutzagatik ekarpen handienak egin ditzaketen. Eta, horrekin guztiarekin, denboran zehar tokiko aldaketak ikusi eta berretsi ahal izango dira. Gure arrantzaleek ikusi dute berdela ez datorrela hain azkar gure uretara, nola urtero arrantzak behera egiten duela “noiz ikusi da berdela gure uretan maiatzean eta jan gabe?”. Aldarrikatzen dute harriturik. Parkean txantxangorriak ikusten hazi den Ategorrietako bizilagunak jada ez ditu zuhaitz adarren artean berriz hegan ikusten. “Ez dira gure auzora etortzen!”.

Agian lasaiago behatu behar dugu, astiro, naturarekin berriro konektatu, aldaketa horiek, eta beste erritmo batzuk, gure espeziearen berezkoagoak direnak antzemateko. Egun, dakigunez, neurozientziari esker ongizatea sentitzen dugu naturarekin bat egiten dugunean, berarekin harremantzen garenean serotonina hormona, hau da, zoriontasunaren hormona, sortzen baitugu.

Sormena, garai hauetan ezinbesteko beste aliatu bat da, gizaki ororengan ezkutatua dagoen  tresna baliotsua eta lan arroan duen potentzial handiagatik oso modan dagoena. Sormena, ez dugu ahaztu behar, gertakari, iritzi eta egoera ezberdinen eraginpean jartzearen ondorio zuzena edota emaitza dela, hots, ALDAKETEK sortutako dela. Agian, aldaketa ez da, beraz, irudikatzen dugun ogroa, eta bai beste errealitate batzuetaranzko igarobaimena, gu eraldatuz eta egokitzen ikasiz etorkizun desiratuetara aurrera egiteko bidea, benetako pertsona aberatsak  bihurtuko gaituenak.

Agian ausart izateko garaia iritsi da.

Izaskun Suberbiola