Ozeanoa, planetaren % 70 baino gehiago estaltzen duen ur-masa zabal eta misteriotsua, edertasun naturalaren iturri izateaz gain, Lurreko bizitzaren bihotza ere bada.

Gure kostaldeak laztantzen dituzten olatuetatik hasi eta bere erraietan zehar dauden korronte sakonetaraino, ozeanoak gure klima erregulatzen du, arnasten dugun oxigenoaren erdia baino gehiago sortzen du eta biodibertsitatea sostengatzen du. Hala ere, azken hamarkadetan, gure ozeanoak gero eta egoera larriagoan daude klima-aldaketaren, kutsaduraren eta gehiegizko arrantzaren ondorioz.

Klima Aldaketa eta Ozeanoak: Premiazko Erronka

Klima-aldaketak ozeanoaren joerak era nabarmen eta kezkagarrian aldatzen ditu. Tenperatura globalen igoerak, berotegi-efektuko gasen isurketek bultzatuta, ozeanoen beroketa eragiten du eta itsas bizitzari eta bizi garen ekosistemei eragiten die. Hauek dira ozeanoak gaur egun dituen erronka nagusietako batzuk:

Karbono dioxidoa (CO2) atmosferan pilatzen den heinean, gas horren zati bat ozeanoak xurgatzen du. Hasiera batean hori positiboa izan badaiteke ere (ozeanoak airea “garbitzen” laguntzen baitu, prozesu honek ondorio kezkagarri bat du: uraren azidotzea. Azidotasuna handitzeak zaildu egiten du organismoen bizitza, hala nola koralak eta moluskuak, mineral jakin batzuen mende baitaude maskorrak eta egiturak eratzeko. Erritmo horretan jarraituz gero, ekosistema horietako asko desager litezke, itsasoko biodibertsitatea arriskuan jarriz.

Era berean, tenperatura globala igotzearen ondorioz glaziarrak eta izotz polarra urtzeak, uraren hedapen termikoarekin konbinatuta (ura berotzen denean hedatzen da), itsas maila handitzea eragiten du. Horrek, kostaldeko komunitateak mehatxatzeaz gain, hondartzak higatzea, kostaldeko habitatak eta habitat horietan bizi den biodibertsitatea suntsitzea eta ur gazia ur gezako iturriekin nahastea eragin dezake.

Azkenik, korronte ozeanikoek berebiziko garrantzia dute munduko klimaren erregulazioan. Korronte horiek planeta osoan zehar banatzen dute beroa, eta tokiko klima-ereduetan eragiten dute. Hala ere, berotze globala korronte horietako batzuen abiadura eta norabidea aldatzen ari da, eta horrek muturreko gertakari klimatikoak eragin ditzake, hala nola ekaitz gogorragoak eta prezipitazio-patroien aldaketak. Orain arte gure herri eta hirietan ezagutu dugun klima izugarri alda liteke planetan dugun inpaktua murrizten ez badugu.

Plastikoengatiko kutsadura

Hondakin tonak, plastikoak, metalak eta produktu kimikoak barne, isurtzen dira itsasora urtero, itsas bizitzari eta kostaldeko ekosistemei larriki eraginez. Azken hamarkadetan plastikoekiko problematika bihurtu da esanguratsuena. Urtero, 8 milioi tona plastikok baino gehiago ozeanoan amaitzen dute, itsas bizitzan inpaktu suntsitzailea eraginez. Ozeanoko ia bazter guztietan dauden mikroplastiko gisa ezagutzen diren partikula txikietatik hasi eta benetako “zabor uharteak” osatzen dituzten hondakin pilaketa handietaraino, material hau itsas ekosistema guztietara iritsi da. Dortokak, hegaztiak eta arrainak bezalako animaliek plastikoak elikagaiarekin nahasten dituzte, eta horrek lesio larriak edo heriotza eragin diezaieke.

Gehiegizko arrantza

Gehiegizko arrantza kontsumismo neurrigabearen sintoma argia da, eta ekosistemen osasunaren gainetik onura ekonomikoa lehenesten du. Itsasoko produktuen eskari aseezinak itsas espezieen ustiapen masibora eramaten ari gaitu, haien birsorkuntza naturalerako denborarik eman gabe. “Gehiago atera, gehiago saldu” logikaren azpian, arrantza industrialak baliabideak agortzeaz gain, bizi-habitatak suntsitzen ditu eta biodibertsitatea mehatxatzen du. Erauzketa-eredu horrek, irabazi-grinak bultzatuta, arriskuan jartzen ditu ozeanoen oreka eta ozeanoen mende dauden milioika pertsonen mantenua. Bada garaia natura merkantzia bihurtzen duen sistema bat zalantzan jartzeko eta planetaren mugak errespetatzen dituen arrantza arduratsu eta jasangarri baten alde egiteko.

Baina posible al da egoera horri buelta ematea?

Ozeanoei eragin zaien kaltea guztiz iraultzea oso erronka konplexua da, baina alderdi batzuetan lan egin daiteke inpaktua murrizteko eta itsas ekosistemak, partzialki behintzat, leheneratzen laguntzeko. Gakoa ikuspegi proaktiboa eta alderdi anitzekoa hartzea da, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea, itsas ekosistemak lehengoratzea eta ingurumena babesteko politika globalak ezartzea barne hartuta. Kontsulta ezazu gure Itsas Zaindari eskuliburua edo hasi abiapuntu hauek ardatz hartuz:

Elikadura jasangarria

Ingurumena errespetatuz elikatzea uste baino errazagoa da. Produktu ekologikoak produkziotik banaketara aukeratzea funtsezkoa da, tokiko produktuen, sasoikoen eta biologikoen aldeko apustua eginez eta zure inguruko tokiko kontsumo-taldeei buruzko informazioa emanez. Zure kontsumoak zure komunitatearen bizitza hobe dezake. Gogoratu planetarentzako jasangarria den dieta bat zuretzako ere izango dela.
Gehiegizko arrantza errefusatu eta egin apustua arrantza jasangarriaren alde. Bertako espeziak, dagozkien garaian eta teknika jasangarriekin gauzatutako arrantzak ekosistemen kontserbazioa errespetatzen du. Hona hemen arrantza iraunkorraren gakoak.

Hondakinak eta kutsadura murriztea

Zure kontsumoa eta, zehazki, erosketa-saskia da gakoa. Erosi aurretik, hausnartu benetan behar duzun, eta hala bada, bilatu inpaktu txikiena sortzen duen aukera. Hasteko, hurbileko produktuak dituzten tokiko dendak aukeratu behar dira, paperezko, metalezko edo beirazko ontzien aldeko apustua egin eta ontziratu gabeko salmenta dutenak (ez ahaztu zure poltsak). Hondakinen bat sortu baduzu, pentsatu berrerabiltzean eta ez ahaztu, behar bezala birziklatu. Ahalik eta zabor gutxien sortzeko asmoz kontsumitzen du, itsasoko zaborren % 80 lur barnetik baitatoz.

Hausnartu desplazatzeko orduan dituzun ohiturei buruz. Bizitza iraunkorrago eta osasungarriago baten aldeko apustua, bizikletaren, ibilaldien edo garraio publikoaren alde eginez. Saia gaitezen ahalik eta CO2 gutxien isurtzen.

Inpaktuak arintzeko jardueretan parte hartzea

Izan zaitez eredugarria zure ekintzetan eta inplika zaitez ingurune naturaletako itsas hondakinak biltzeko jardueretan. MATERetik hilero antolatzen ditugu itsas hondakin bilketak Alabortza kalan, itsas hondakinen eta mikroplastikoen arrantzak MATERen eta udazkeneko ekoaktibitatean Kostaldea Ikertzen, Jaizkibel-Uliako 6 senadietan.

Etorkizun Jasangarria Gure Ozeanoentzat

Gure ozeanoen etorkizuna gure esku dago. Hezkuntzaren, kontzientziazioaren eta ekintza kolektiboaren bidez, eragin ditugun kalte batzuk itzul ditzakegu, eta komunitatean lan egin, etorkizun jasangarriago baten alde. Gure museoa bisitatzea modu zoragarria da ozeanoari buruz gehiago ikasteko eta baliabide baliotsu hori babesteko ekintzara pasatzeko. Zu izan zaitezke aldaketaren protagonista zure ekintzen bidez, eta, aldi berean, erreferente izan zaitezke zure ingurunearentzat, eta eragin positiboa izan dezakezu zure familian, lagunartean edo auzoan,itsasoa kontserbatzeko grina kutsatuz. Esploratzera, ikastera eta aldaketaren parte izatera gonbidatzen zaitugu!