Planetako ingurumen krisia gizateriak biziko duen erronka handienetako bat da. Sistema kapitalistak eta gure kontsumo ohiturek planetaren baliabideak errukirik gabe ustiatzera eraman gaituzte eta erritmo hau jasanezina da ekosistementzat.

Ondorioz, gaur egun, ezagutzen den berotze globalik azkarrena bizitzen ari gara azken 150 urteetan isuritako Negutegi Efektuko Gasengatik; hondakinen inbasio bat bizitzen ari gara sortzen dugun zaborraren kudeaketa eskasaren ondorioz eta gure osasuna eta inguruko ekosistemena kolokan jartzen duen moduan kutsatu ditugu gure ura eta gure airea.

Komunitate zientifikoak gizateriari bigarren abisua eman dio. Honek esan nahi du, aldatzen ez bagara, hondamendia ekidinezina izango dela. Informazioa argia da eta jende askoren esku dago. Kontzientziazio kanpainak egiten dira eta elkarte eta ekimen ugari dira jasangarritasun baten bila gure bizi estiloa aldatzeko lanean dabiltzanak.

Hala ere, informazio asko izateagatik edo mezu ugari jasotzeagatik ere ez dugu ezer aldatu. NEGen isuriak gora egin dute azken urteetan, plastikoen produkzioa gora doa, eta orokorrean, pertsonen jokabideak ez du aldatzeko joera handirik ageri.

Orduan, zer da aldaketa oztopatzen duena eta zer da egiten ari garen kaltea zein den jakinda bide berdinean mantentzen gaituen hori?

Prebentzio lanetan jakina da, aspaldi, aldaketa nahi bada informazioarekin bakarrik ez dela nahikoa. Infromazioaren eta jokabideraren artean badagoela oztopo bat. 

Horixe da psikologiaren tartea. Zehazki Ingurumen Psikologiarena, zeina giza jokabidea aztertzen duen, gizakia eta bere inguruaren arteko harremanean. Diziplina honek aztertu du zergatik informazioa izanda ez diogun ekintzari heltzen. 

Giffordek (2011) ingurumenaren aldeko jokabide berriak zergatik ez ditugun hartzen ikertu zuen eta ondorioztatu zuen 7 oztopo zeudela. Hauei Inakzioaren Dragoiak jarri zien izena:

  • Muga kognitiboak: gure garuna ez da informazio hau ondo ulertzeko gai honen ezaugarriak direla eta. Epe luzerako ondorioak, zenbaki handiak… zailak egiten zaizkigu ulertzeko.
  • Sinesmenak: gure sinesmenak direla eta pentsa dezakegu hau jainkoaren plan baten parte dela edo teknologiak ekarriko duela konponbidea.
  • Besteekin konparazioa: besteen jokabideak edo jokabide ezak gure jokabidean eragiten du.
  • Alderantzizko kostuak: jokabide berri bat hasteak aurrekoa mantentzeko ahalegin guztia alferrikakoa izan delako sentsazioa emanez gero, edo (baliabide, diru…) gehiago kostako bazaigu, jokabidea ez dugu burutuko.
  • Mesfidantza eta ezeztatzea: informazio iturrienganako mesfindantza izan dezakegu edo arazoa ezeztatu gure sinismen sistemarekin bat ez datorrelako.
  • Hautemandako arriskuak: jokabide berriak gure osasunerako, ongizaterako… arriskua suposatzen badu, ez dugu jokabidea burutuko.
  • Jokabide mugak: jokabide guztiak egin ezin ditzakegunez, baliteke bat bakarrik egin eta jada zerbait egiten ari garelarekin justifikatzea

Aipatutako barrera bakoitzak, aldi berean, beste batzuk barne-hartzen ditu, guztira 29 barrera batuz. 29 arrazoi gure ingurumenaren alde jokatzen hastea ekiditen digutenak. 

Ez da borroka batere erraza, azken finean, geure izanarekin egiten baitugu topo; gizakiaren senarekin, baina, honetan gabiltzan elkarte eta pertsona guztiok barrera hauek ondo ezagutu eta gainditu ahal izateko estrategiak ikasi eta barneratu behar ditugu, dragoi hauek otzandu ahal izateko. Ingurumenaren aldeko jokabideak erosoagoak, errazagoak edo erakargarriagoak izan daitezen egin behar dugu lan eta hori da gure erronka nagusienetako bat.

Dena den, ezin gara erakundeak izan erantzukizuna hartzen dugun bakarrak. Pertsona bakoitzak gure jokaeraren eta honen ondorioen erantzukizuna hartu behar dugu. Momentu honetan jada ez digu balio “nik birziklatu egiten dut” batek eta horrela, denak hobera egingo duela espero izateak.

Gogoeta egiteko momentuan gaude, gure ohiturak behatu eta aldatu ditzakegun gauzatxoak identifikatu behar ditugu. Lortzen joan daitezkeen helburutxoak ezarri eta hauek betetzen joan, pixkanaka.

Autokritika egin behar diogu geure buruari, norberaren dragoiak aurkitu eta hauek otzandu. 

Geure bizitzaren norabidea aldatuz planetaren norabidea alda dezakegu.

Eneko Sarasua, Museoko arduraduna