250 gipuzkoar baino gehiagok hartu dute parte Itsas Zaintza Sareak sustatutako aldibereko 6 itsas hondakinen bilketetan
Joan den igandean, azaroak 26, ITSAS ZAINTZA SAREAk, itsasoa zaintzeko lanean diharduten Gipuzkoako itsas eragileen sareak, lehen ekintza bateratua ospatu zuen elkarlanean. 250 pertsona baino gehiago Gipuzkoako kostaldearen zaintzan parte hartu zuten Zarautzen, Donostian, Pasaian, Hondarribian, Zumaian eta Mutrikun deitutako 6 itsas hondakin bilketan inplikatuz. Jardunaldi arrakastatsua izan zen sarea osatzen duten 20 eragile baina gehiagorentzat, sarearen koordinatzailea den MATER Ontzi Museo Ekoaktiboarentzat eta kolaboratzaile nagusia den Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Sailarentzat ere.
11:00etarako dena prest zegoen eskularru, zaku eta piragua eta paddle surfeko arraunekin, MATERetik koordinatutako aldi bereko ingurumen sentsibilizazio ekintzarik handiena has zedin. Jardueraren lehen orduan, familiek, bizilagunek, eragileek eta itsas eremuko profesionalek indarrak batu zituzten eta 350 kg bildu zituzten guztira. Sarearen helburuetako bat da ingurunearen ezagutza gainerako gizartearekin partekatzea, eta, beraz, lanak aurrera jarraitu zuen zabor horren karakterizazioarekin. Karakterizazioa bildutako objektu bakoitza bereizteko eta kontabilizatzeko prozesu sakona da, herritar-zientziari buruzko metodologia baten bidez, datu horiek administrazioarekin eta ikerketa-zentroekin partekatzeko aukera ematen duena. Jasotako hondakin kopurua banan-banan zenbatuz eta xede-edukiontzien arabera bereizita, kiloez ez ezik, eremu bakoitzean ugariagoak diren hondakin-tipologiez ere hitz egin dezakegu. Datuak harrigarriak dira.
8600 objektu eta hondakin-zati baino gehiago bildu zituzten. Nabarmentzekoak dira plastikozko pieza degradatu eta zatikatuak, tamaina desberdinetakoak (% 40,8), hauetan poliespana edo kortxo zuria da nagusi Zarautz, Mutriku edo Zumaia bezalako puntuetan. Ugariak diren plastikozko pieza identifikaezin hauek mikro eta nanoplastiko bilakatzeko bidean daude. Laster ikusezin bihurtuko dira begi hutsez, baina ingurumen eta osasun publikoko arazo handi bat suposatzen dute; izan ere, antolatzaileek gogorarazi digutenez, “elikagaien kate trofikoan sartzen dira, baina baita uraren zikloan ere, arnasten dugun airean nahiz hartzen dugun edozein edaritan presente egonda”.
Itsas hondakin bilketa handi honetan, zuzenean sareko hainbat itsas eragile inplikatu ziren: Eskuene Mutrikun (Saturraran), Taosa Igeriketa Taldea, Geoparketa eta Redymar Zumaian (Itzurun), Shelter Surf Eskola Zarautzen, Mundaiz Ikastetxea, DYA, Kairoscore, Real Club de Tenis de San Sebastián Donostian (Urumea), Pasaia Kayak eta Guardia Zibilen Itsas Zerbitzua Pasaian (Alabortza) eta Hondarribin, Recicla Bizkilatu eta Hondarribiko Club Nautikoa. Askotariko eragilez osatutako komunitatea, helburu partekatu baten aurrean indarrak batzea eraginkorrena dela erakusten duena.
Ekintza hau Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen baitan antolatu da, eta ITSAS ZAINTZA SAREtik gogorarazi digute bertako kideek itsasoaren egoera jasotzen eta partekatzen jarraituko dutela urtean zehar, itsasoaren garrantzia eta zaintza gizarteko estamentu guztietara eramateko. Izan ere, gogorarazten digutenez, “itsasoa ez da zabortegia, bizi-iturria da, eta zaindu eta errespetatu egin behar dugu etorkizun osasungarria ziurtatzeko”.
Jarrai gaitzazu