Kaixo!

Ilusioz betetzen gaitu martxan jarri dugun proiektu ekosozial berria aurkezteak. Plastifisharen Kostera Ternuarekin lankidetzan egindako proiektua da, eta EOCAk (European Outdoor Conservation Association) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen dute. Herritarren inplikazioa bilatzen du ingurumenaren kontserbazio aktiboan, itsas zaborraren mehatxuan zentratuz. Plastifish inbasioa da eta herritarrekin egin nahi diogu aurre. www.plastifisharenkostera.eus webgune berrian, hainbat kolektiborekin egingo ditugun ekintza guztien berri izan dezakezue, baita zer ekitalditan parte har dezakezuen ere.

Izan ere, dagoeneko gauza asko egin ditugu! Hona hemen batzuk:

Azaroaren 8an Gipuzkoako Foru Aldundian egindako prentsaurrekoarekin abiatu genuen proiektua, eta hilabete hauetan Oiartzun ibaiaren arroko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako kolektiboekin aritu gara lanean.

Alde batetik, 5 garbiketa egin ditugu Lezo Herri Eskola, Pasaia Lezo Lizeoa, Karmengo Ama Eskola eta Herri Ametsa Ikastolako Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako 230 txikirekin. 350 kg itsas zabor baino gehiago bildu dituzte Pasaiako badiako kala eta ertzetan.

Bestalde, Itsas zaborren erronka: Gazteak aldaketaren protagonistak” Unitate Didaktikoa garatuko duten Bigarren Hezkuntzako 8 ikastetxeetatik 4rekin hasi gara lanean, Pasaia Lezo Lizeoa, Lezo Institutua, Telleri Alde Ikastetxea eta Koldo Mitxelena BHI. Lehenik eta behin, irakasleei prestakuntza ematea edukiei eta metodologiari dagokienez, eta, ondoren, prestakuntza hori ikastetxeetan ematen hastea.

Anima zaitezte Plastifishen inbasioari aurre egitera!