Jaten duguna gara, kontsumitzen duguna, eta ez soilik elikaduraren zentzu hertsian. Kontzeptu hau gure kultur kontsumora eraman behar dugu, entretenitzeko, informatzeko eta hausnartzeko denbora ematen dugun intereseko gaietara.
MATERetik ziur gaude etorkizun jasangarriago eta osasuntsuago baterako gakoa gure esku dagoela. Badakigu ekintzara igaro aurretik, garrantzitsua dela gure planetak aurre egin behar dion krisi klimatikoari buruzko kontzientzia eta erantzukizun kolektiboa sortzea. Horregatik, ontzi museo ekoaktibo gisa, sentsibilizazioa eta kontzientziazioa lantzen ditugu hainbat adarretatik, aisialdia, hezkuntza eta kultura uztartuz. Benetan sinesten dugulako ezagutuz maitatu eta maitatuz babestu daitekeela.
Gaur, beraz, podkast berriak proposatu nahi dizkizuegu, ingurumen erronketara are gehiago hurbiltzeko. Podkastak urrezko meategi dira, gaur eta biharko gizarte eta ingurumen-arazoak ulertzeko eta horiei buruz ikasteko. Gainera, eguneroko inspirazio eta motibazio dosi osasungarria ematen digute.
Horregatik, 7 podkast proposatzen dizkizuegu, streaming plataformetan doan topa ditzakezuenak eta ingurumenaz, klima-aldaketaz, ekologiaz eta iraunkortasunaz arituko direnak, haiez gehiago ezagutu eta hausnartzeko.
Euskarazko gomendioetatik hasiko gara…
KINKA da Berriaren podkast berria, natura eta ingurumen-krisia gai nagusitzat hartuta. Euskarazko egunkari bakarraren eskutik proposamen bikoitza. Hamabost egunean behingo podkast bat, tokiko ikuspegitik ingurumenari eta krisi klimatikoari buruzko azken berriak biltzen dituena, eta, horrekin batera, aldizkakotasun bereko albiste-buletin bat. Berriako podkastaren atalean eskuragarri, hala nola iVoox, Spotify, Apple Podcast eta Google Podkast-en.
Argia aldizkari klasikoak, baina beti egunean dagoenak, Net Hurbil paperezko sail mitikoaren soinu-bertsioa proposatzen digu. Espazio horretan, klima-krisiari, ingurumen-erronkei eta planeta bidezkoago eta iraunkorrago baten aldeko gizarte-borrokei ahotsa ematen zaie. Ikasi eta hausnartzeko espazio bat, batzuetan tokikoa, Euskal Herriko erronken inguruan eta beste hainbatetan, begirada ikuspegi internazionalista batean jarrita, hainbat herrialde eta kulturetako proiektu berriak hurbilduz. Argiaren webgunean eta iVooxen entzun dezakezue.
Naiz Irratiak ere badu bere podcast propioa gai hauen inguruan. Gelditu Makinak izenpean eta Eli Pagolaren eskutik, ekologiaz, klima aldaketaz, ekologisten erresistentzia proiektuez eta elikadura subiranotasunaz hitz egiten da. Naiz Irratiko podkastaren atalean eta iVoox, Spotify, Apple Podcast eta Google Podcast-en entzun dezakezue.
Gaztelaniazko proposamenekin jarraitzen dugu…
EITB podkastek Distrito Euskadi saioan klima-aldaketari eta iraunkortasunari buruzko tarte bat eskaintzen dio No hay planeta B asteroko atalean, Estibaliz Ruiz de Azuaren eskutik. 15-20 minutuko piezak, ingurumenaren zaintza erdigunean jartzen duten esparruko erreferentziazko proiektu, erakunde edo pertsonei ahotsa emateko. Pieza solteak entzun ditzakezu Radio Euskadiko No hay Planeta B albisteen atalean adibidez, Seabin Pasaiari eskainitako programa, MATEReko taldeak kudeatzen duena, edo Eitbren Nahieran plataforman, non programa osoak topa ditzakezue.
Ser Consumidor dugu hurrengo proposamena. Cadena Ser irrati katearen espazioan, non Jesús Soriak kontsumoaren kontzeptua hainbat ikuspegitatik jorratzen duen: elikadura, garraioa, energia, etxebizitza… Kontsumitzaile gisa ditugun eskubideak ezagutzeko eta eguneroko arazoei konponbideak bilatzeko espazioa da. Ser Podcast webgunean eta iVoox, Spotify, Apple Podkast eta Google Podkasten entzun dezakezue.
Me cambio Gizarte Merkatuaren Estatuko Batzordetik sortu zen El salto egunkariarekin lankidetzan, eta blog bat ere badu. Kritikarako eta hausnarketarako gune bat, ekonomia sozial eta solidariotik abiatuta alternatibak proposatzen dituena, Blanca Crespok zuzendua. Eredu ekonomiko horiek elikaduran, energia-kontsumoan, hondakinen kudeaketan, hezkuntzan, komunikazioan… eraldatzeko duten potentziala erakusten digun programan. Merkatu Sozialaren webgunean eta iVooxen entzun dezakezue.
Azkenik, proposamen sortzaileena. RTVEk natura eta literaturari buruzko asteroko podkast bat ekoizten du Radio3 irratian El Bosque Habitado izenpean. Basoei, espezieei, baina baita mitologiari, literaturari eta fantasiazko pertsonaiei eskainitako gunea. Maria José Parejok zuzendutako asteroko programa, naturarekin berriro konektatzeko paregabea. RTVE Podkasten eta iVoox, Spotify, Apple Podkast eta Google Podkasten entzun dezakezue.
Proposamen anitza hizkuntzetan, gaietan eta ikuspegietan. Espero dugu eskainitako gomendioak, ingurumenari buruz hausnartu eta sentsibilizatzeko balio izana, eta haren alde jarduteko konpromisoaren hazia ernatu izana… Ziur zuk ere ezagutzen dituzula beste podcast, liburu, film edo aldizkariren bat gai hauek jorratzen dituenak. Animatzen bazara, pozik jasoko ditugu zure proposamenak info@mater.eus helbidean.
Jarrai gaitzazu