Proiektuaren deskribapena
Itsasoa zaintzen duten pertsonak. Etorkizuna eraldatzen duten komunitateak.
Itsas kutsadura, bereziki plastiko-hondakinek eragindakoa, gure garaiko ingurumen-erronka handienetako bat da. Errealitate horren aurrean sortu da Itsas Zaindariak, MATER Ontzi Museo Ekoaktiboak gidatutako proiektu ekosoziala, herritarren sentsibilizazioa, hezkuntza eta mobilizazioa bultzatzen dituena, itsas hondakinen arazoari ekintza kolektibotik aurre egiteko.
Itsas Zaindariak itsasoa egunerokoan zaindu eta babesten duten pertsonen komunitatea da. Hurbiletik jarduten dugu —gure portuetan, ikastetxeetan, erakundeetan eta enpresetan—, eta horrela lurraldean sortzen dugun eragin positiboa biderkatzen dugu. Arrantza-ontzi tradizional bat, ontzi-museo ekosozial bihurtua, oinarri hartuta, eta kostaldean zein itsasoan egindako jardueren bidez, proiektuak itsas hondakinen bilketak, herritarren zientzia, ikerketa kolaboratiboa eta ekonomia zirkularra uztartzen ditu.
Berreskuratutako hondakinak ezagutza, kontzientzia eta aldaketarako tresna bihurtzen dira: datu zientifikoak, hezkuntza-prozesuak eta balio sinbolikoa duten objektuak, itsasoa zaintzen jada inplikatuta dauden pertsonak aitortu eta ikusarazten dituztenak. Horrela, Itsas Zaindariak proietuak MATERrek bultzatutako ekimenak lotu eta indartzen ditu, itsasoaren zaindarien sare bizia sortuz.
Itsas Zaindariak-en helburuak
-
Gipuzkoako eta Euskadiko itsas biodibertsitatea zaindu eta babestea, ondare natural, kultural eta sozial gisa.
-
Plastikoen eta hondakinen erabilera eta sorrera murriztea, ohitura jasangarriak eta ekonomia zirkularra sustatuz gure komunitateetan.
-
Ingurumen-hezkuntza eta herritarren zientzia bultzatzea, itsasoaren ezagutza adin eta gizarte-sektore guztietara hurbilduz.
-
Erakundeen, administrazioen eta herritarren arteko elkarlana sustatzea, itsas hondakinen aurrean irtenbide kolektibo eta iraunkorrak eraikitzeko.
-
Berdintasuna eta parte-hartze inklusiboa sustatzea, emakumeak, gizonak, neska-mutilak itsasoaren zaintzaren protagonista izan daitezen bermatuz.
-
Tokikotik globalera jardutea, portu, erakunde eta enpresa bakoitza eraldaketarako gune bihurtuz.
Itsas Zaindariak ekonomia urdinaren, itsas kulturaren eta gobernantza kolaboratiboaren aldeko apustu argia da, itsasoa kontserbatzeko eta etorkizun bidezkoago eta jasangarriago bat bermatzeko bide gisa.
MATERen hainbat ekintza eta programa biltzen dituen proiektu honen barruan, Zirrararen Marea ekimena dago,Itsasgarapenek eta Itsas, Arrantza eta Akuikulturako Europako Funtsak (FEMPA) 2024/25ean finantzatua, itsas zaborraren arazoei eta irtenbideei buruzko sentsibilizazioa areagotzea helburu duena, baita bere irtenbideetan lan egiten duten pertsonak, erakundeak eta agenteak aitortu eta saritzea ere.
















Jarrai gaitzazu